Herritarren laguntza eskatu dute Igartzaren historia garaikidea osatzeko
Igartzari buruzko testigantzak eta argazkiak bildu nahi dituzte, batez ere 1980 eta 1990 hamarkadetan inguru horretan bizi zirenenak. Gaurko Igartza ezagutu nahi dutenentzat, berriz, bisita gidatuak daude antolatuta.
Igartza jauregia, konpondu aurretik.Gure Gipuzkoa Beasaingo Igartza Monumentu Multzoak bere historia garaikidea osatu nahi du, eta horretarako herritarren laguntza eskatu du. Urrian ospatuko diren Europako Ondarearen Jardunaldiak dituzte jomugan, eta ordurako nahi dute amaitu lana.
Proiektu honek Kontaiguzu Igartzako istorio bat du izena, eta Igartza inguruan garai batean zeuden eraikinak eta biztanleak ekarri nahi ditu gogora. Horretarako, orain desagertuta dauden Errementari, Usategi, Zapatari eta beste etxeetan 1980 eta 1990eko hamarkadetan bizi izandakoei dei berezia egiten diete euren testigantzak eta argazkiak eman edo utzi ditzaten, baita garai eta txoko haiek ezagutu zituzten gainerako herritarrei ere.
Indar fabrika zaharrean lan egindakoak, jauregian bizi zen ‘letxeroarekin’ gidabaimena atera zutenak, Angel Enparantza errementaria ezagutu zutenak, Errotara Irizar familiarengana joaten zirenak, dolarera sagardoa egiteko sagarra eramaten zutenak… denak daude gonbidatuta proiektu honetan parte hartzera.
Igartzako historia garaikidea osatzen lagundu nahi duenak 943 08 77 98 zenbakira deitu, 640 20 93 58 zenbakira mezu bat bidali edo igartza@beasain.eus helbidera idatzi dezake.
Bisita gidatuak
Gaurko Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzera emateko, eta horrekin bere mende luzeetako historia ere bai, bisita gidatuak egin daitezke.
Abuztuko asteburu guztietan dira bisitak, larunbat eta igandeetan, 13:00etatik 14:30era. Ez da beharrezkoa izena ematea, bakarrik hamar lagunetik gorako taldea baldin bada. Horretarako, igartza@beasain.eus helbidera idatzi edo 943 08 77 98 telefono zenbakira deitu behar da.













