Neandertalen kultura ezagutzeko aukera, San Adrianera bisita gidatua eginda
Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoek igarobide horretan egindako indusketak azalduk dituzte. Anduetza parketxeak antolatu du bisita, iganderako, eta izena eman behar da aurretik.
San Adrian edo Leizarrate igarobidean bizi ziren neandertalei buruz gehiago jakin nahi dutenek, Aranzadi Zientzia Elkarteak Zegamako Anduetza Parketxearekin elkarlanean antolatuta bisita gidatuan izango dute horretarako aukera. Azken indusketa arkeologikoen berri emango dute, eta neandertal kulturaren aztarnak azalduko dituzte.
Antzinako hominido horri buruz hitz egingo dute, eta ezaugarriak, berezitasunak, ohiturak… azalduko dituzte, !baina oraindik asko dago ikertzeko”. Igarobide horretan izan diren biztanleen garai historiko bakoitzaren errepasoa ere egingo dute, eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dagoela ere aipatuko dute.
Bi bisita izango dira, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Euskarazko taldea 10:00etan abiatuko da Aldaolako aparkalekutik, eta 12:00etan gaztelerazkoa. Handik San Adrianera bitarteko txangoak ez du zailtasunik, eta edozein herritarrentzat egokia da, baina oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen dute antolatzaileek.
Prezioa pertsonako 6 eurokoa da, eta izena ematea derrigorrezkoa da, plaza
mugatuak izateaz gainera, eguraldiagatik azken orduko aldaketaren bat balego, izena emandakoei abisatzeko aukera izateko antolatzaileek.
Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko 943 80 21 87 edo 688 62 36 09 telefono zenbakietara deitu daiteke, edo anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi. Informazioa www.gipuzkoanatura.eus webgunean ere badago.
Aranzadiren indusketak
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek urtero egiten dituzte indusketak San Adriango igarobidean, Zegamako Udalarekin elkarlanean, eta aurtengoa 29. kanpaina izan da. Igarobide honen sekretu berriren bat aurkitzen dute udaro: Erdi Aroko gotorleku bat, brontze garaiko babesleku bat, erromatarren garaiko aztarren bat… Eta azken urtetako
aurkikuntza “aparta” izan dela nabarmendu dute, neandertalek kobazuloa babesleku bezala hartu zutela frogatzen zuten aztarnak aurkitu dituztelako.
Aurreko urteetan, duela 14.000 urte inguruko Goi Paleolitoko maila batean
induskatu ondoren, okupazio zaharragoak egon zitezkeela susmatzen hasi ziren, eta berreskuratutako aztarnen arabera, neandertalek duela 40.000 urte baino gehiago igarobidea erabili zutela jakin ahal izan dute.

Hainbat bisitari San Adriango kobazulora bidean, indusketak ikustera.Ane Garmendia













