Goierriko jentilak, behiak eta kobazuloak gertuago, Gipuzkoako Parketxe Sarearen eskaintzari esker
Hainbat bisita eta jarduera antolatu dituzte Ataunen, Lazkaon eta Lizarrustin. Abuztu osoan dago zer egin.
Gipuzkoako Parketxe Sareak abuztua jardueraz eta bisitaz bete du, eta Goierrin gauzatuko dira horietako batzuk, jentilak, behiak eta kobazuloak aitzakia hartuta. Ataunen, Lazkaon eta Lizarrustin izango dira hitzorduak.
Ataunen Jentilen mundua izeneko erronka mitologikoan parte hartzeko aukera dute familiek eta lagun taldeek. Barandiaran Museoa da abiapuntua, eta 10:30 hasiera ordua. Ostegun eta ostiraletan egin daiteke, baita abuztuaren 9an, 15ean, 23an eta 30ean ere.
Lazkaon, Iztueta Azpikoa baserrira bisita eskaintzen da, Naturarekin orekan izenpean, eta bihar larunbata izango da. Bisitan abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria bera erakutsiko dituzte. Baserriko bizimodua ezagutzeaz gain, ekoizten dituzten Iztueta esneki produktuak dastatzeko aukera ere izango dute bisitariek. Bisita 11:00etan hasiko da, eta bi ordu inguruko jarduera izango da.
Lizarrustin eskainiko den jardueran, berriz, kobazuloak dira protagonistak. Sartu kobara du izenburua, eta Aralarren esperientzia espeleologiko txiki bat bizitzeko aukera eskaintzen du. Igande honetan, abuztuak 9, eta abuztuaren 23an dago aukeran. Lizarrustiko parketxea da abiapuntua, 10:00etan. Mendiko arropa eta oinetakoak eta frontala eramatea gomendatzen da.
Hiru jardueretarako aurretik izena eman behar da 943 18 03 35 edo 688 895 069 telefono zenbakietan, edo barandiaran@gipuzkoanatura.eus eta lizarrusti@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikoetan.













