Idiazabalen, abuzturako plan ugari
Herriko ondarea eta gazta ardatz hartuta, hainbat jarduera eta bisita antolatu ditu Turismo Bulegoak.
Abuztuan Idiazabal ezagutzeko gonbita luzatu du herri horretako Turismo Bulegoak, eta horretarako hainbat plan proposatu ditu. Herriko ondarea eta Idiazabal gazta dira plan horien ardatzak.
Gaztaren interpretazio zentroa bisitatzea da proposamenetako bat. Museo hori egunero dago zabalik irailaren 15era arte, et bisita gidatuak 11:15ean, 12:30ean, 16:00etan eta 17:15ean egin daitezke. Aukera ezberdinak daude gainera: 30 minutuko bisita gidatua 3 euroko sarrerarekin; 45 minutuko bisita eta gazta dastaketa 5 euroan; eta 45 minutu bisita, gazta dastaketa eta edaria 6 euroan. Informazioa eta erreserbak: 943 18 82 03, info@idiazabalturismo.com edo www.idiazabalturismo.com.
Gaztañaditxulo gaztandegia bisitatzeko aukera ere badago aste hauetan. Ander Barandiaran artzainak bere egunerokoa emango die ezagutzera bisitariei. Gazta egiteko prozesua azaldu eta ukuilua eta gaztandegiko beste gune batzuk erakutsiko ditu. Eta bisitari amaiera emateko, bertan ekoizten dituzten gaztak dastatzera emango ditu. Bisitak abuztuaren 8an eta 22an izango dira, bi orduko iraupenarekin, 11:00etatik 13:00ak bitartean. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 4-12 urteko haurrek 7 euro. Erreserbak egiteko Anderri deitu behar zaio 618 72 14 73 zenbakira.
Beste gaztandegi bat bisitatzeko aukera ere badago abuztuan egunero Idiazabalen, J. Aranbururena. Bertan, gazta egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu ahal izango da, gazta dastaketa eta guzti. Astelehenetik ostiralera, 10:30ean dira bisitak, eta asteburuetan, 11:00etan. Helduen prezioa 12 eurokoa da, eta 5 eta 16 urte bitarteko haurrena, 6 eurokoa. Informazioa era erreserbak: 649 65 59 62 (Olatz) edo www.quesosaranburu.com.
Herrian bertan ibilaldi bat egiteko proposamena ere egin dute Done Jakue bidea Idiazabalen barrena bisita gidatuarekin. Erromes bideak Idiazabal herrian izan duen garrantzia ezagutzeko aukera izango da, Gurutzetako ermita eta San Migel eliza bisitatuz. Bisita Gaztaren Interpretazio Zentroan hasiko da, eta handik Gurutzetako ermitara igoko dute oinez. Maila fisiko egokia izatea aholkatzen dute. Bi orduko jarudera da, eta hurrengo hitzordua abuztuaren 23an izango da, 16:00etan hasita. Informazioa eta erreserbak: 943 18 82 03, info@idiazabalturismo.com edo www.idiazabalturismo.com













