Telleria gaztak Donibane Lohitzuneko azokara iritsi dira
Mutiloako Beñat Telleriak behi esnearekin egiten dituen gaztak, Beñat gaztagilearen postuan daude salgai.
Mutiloako Odio baserrian Beñat Telleriak behi esnearekin egiten dituen gaztak Donibane Lohitzuneko (Lapurdi) azokan ere erosi daitezke. Beñat Moiti gaztagileak eta gozatzaileak ditu salgai (benatfromager.com) Beñat izeneko postuan, Euskal Herri osoko beste hainbat gaztekin batera. Gazta salmenta puntu hau asteartetik igandera dago zabalik, 07:30etik 13:30era.
Ordiziako ferian ezagutu zuten elkar bi Beñatek. Lapurdikoa bisitan etorri zen, eta mutiloarrak duen gazta salmenta postura hurbildu zen. “Gazta probatu zuen, eta asko gustatu zitzaion”, gogoratu du Telleriak. Gero, “gure etxera etorri zen, behiak eta gazta nola egiten dugun ikustera”.
Eta horrela sortu zen bi gaztagileen arteko harreman komertziala. “Donibaneko Beñatek mundu guztiko gaztak edukitzen ditu, gazta klase mordoa izaten du, baina bertako ekoizleekin ere lan egiten du, eta ni hor kokatzen naiz”. Gazta urdina eta gazta ondua eraman zituen. Gazta samurra ere egiten du Telleriak, “baina han horrelakoa ohikoagoa omen da, eta ez du horregatik eraman”.
Badira aste batzuk Telleria gazta Donibane Lohitzunen salgai dagoela, eta mutiloarrak ez daki oraindik nola doan salmenta. “Orain, abuztuan naiz joateko, eta hango azoka ezagutzeko. Ikusiko dut ondo saltzen den edo ez. Ni momentuz pozik nago, bezero berri bat egin dudalako”.
Mutiloako Telleria gaztak Ordiziako azokan eta Euskal Herrian egiten diren feria berezietan erosi daitezke, baita internetez ere www.tellerigaztak.com webgunean. Inguruko jatetxe batzuetan ere eskaintzen dituzte kartan.













