Aita Iparragirre eskolako jolastoki berria forma hartzen ari da
Udalak patioa birmoldatzeko lanen bigarren faseari ekin dio. Zurezko egitura berri bat jarriko dute, HH4 eta HH5eko patioak bateratzeko.
Aita Iparragirre herri eskolako jolastokia eraldatzeko lanen bigarren faseari ekin zion Idiazabalgo Udalak joan den astean. Zurezko egitura berri bat jarriko dute, fase honetan, orain arte bananduta zeuden HH4 eta HH5 jolastokiak elkartzeko. Kimubat enpresa ari da obrak eta paisajismo lanak egiten, TEO Arkitekturak idatzitako exekuzio-proiektuari jarraituz.
Bi patioak elkartzea eta espazioen arteko jarraitasuna, irisgarritasuna eta elkarreragina nabarmen hobetzea da birmoldaketa lanen bigarren fase honetan egitekoa. Prozesu parte-hartzaile baten bidez diseinatutako proiektu honek hezkuntza-komunitatearen beharrei erantzuten dien espazio inklusiboa, berdea, anitza eta hezitzailea du helburu.
Modu horretara, jolastoki berriak hezkuntza-balio berrietan oinarritutako gunea eskainiko du: genero berdintasuna sustatzen duena, adin ezberdinetako ikasleei egokitutako eskaintza bermatzen duena, eta natura, aniztasuna, sormena nahiz autonomia erdigunean jartzen duena.
Zurezko egitura berriaz gain, HH5 eremuan harmailak, parterre berriak, zurezko akaberak, drainatze-sistema aurreratuak eta eremu berde berriak ere jarriko dituzte.
Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolako Haur Hezkuntzaren eremua eraldatzeko lanak iazko udan hasi ziren, eta aurtengo oporretan ekin diote bigarren faseari.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, “ekimen honen jatorria ez da soilik azpiegitura bat berritzea, baizik eta herriko haur, nerabe zein hezkuntza-komunitatearen parte-hartze aktiboaz baliatuz, bizikidetza-balioetan heziko duen ingurune bat sortzea”.
ARGAZKIAK: Idiazabalgo Udala














