Eklipsea ondo eta eroso ikusteko, planifikazioa onena
Lemniskata zientzia elkarteko Jose Luis Etxezarretak gaur iluntzean eguzkia nondik sartuko den ikustera joateko gomendatu du, asteazkenerako prestatzeko. Segurtasun neurriak zorrotz betetzeko ere eskatu du. Goierrin, Zegaman bakarrik ikusiko da eklipsea osorik.
Bi egun besterik ez dira falta aspaldiko fenomeno astronomiko handiena eta ikusgarriena iristeko: eguzki eklipsea. Abuztuaren 12a da seinalatutako eguna, eta eklipsearen une gorena, 20:27 ingurua.
Goierrin, Zegaman bakarrik ikusiko da bere osotasunean, eta ilargiak eguzkia guztiz estaliko duen momentua 16 segundo eskasekoa izango da, 20.27:44an hasita, eta 20:28:00an amaituta. Hala ere, eklipsea 19:32an hasiko da antzematen, eta eguzkia jartzeko orduan, 21:15ean, oraindik eklipsatuta egongo da.
Herriz herriko datuak ezagutzeko makina bat webgune daude interneten.
Beasaingo Lemniskata Zientzia Elkarteko kideek Nafarroan ikusiko dute eklipsea, Lerinen. Urtero joaten dira hara udan, Lerin Tierra Estrella jardunaldi astrofisiko eta turismo zientifikokoetan parte hartzera. Aurtengoak, baina, bereziak izango dira, Jose Luis Etxezarretak nabarmendu duenez, eklipsearekin bat egingo dutelako, eta eklipse osoa ikusi ahal izango delako gainera. Hamabi laguneko taldea izango dela han gehitu du.
Leku egokia eta betaurrekoak, ezinbestekoak
Baina Goierrin ere ikusiko da eklipsea. Etxezarretak azaldu duenez, eklipse batek bi gune ditu, itzalpea eta ilunantza, eta “Goierrin, %98-99 ikusiko da, ez da erabatekoa izango, baina ilunduko da”. Zegaman %100ekoa izango da, baina itzalpe gune edo zerrendatik gertuen dagoen gunean bakarrik.
Eta eklipse hori “ikusteko ilusioa dutenei” gomendio bat egin die: “Gaur bertan begiratu beharko dute eguzkia nondik sartzen den, eta aurrean arbolak, eraikinak edo mendiak dauden traba eginez”, asteazkenerako tokia aukeratzeko. Eta oso garrantzitsua izango da eguzkiari betaurreko bereziak jantzita begiratzea, “betarrekoak jarrita eduki behar dira erabateko eklipsea ez den denbora guztian, hau da, 19:30etik 21:15era gutxi gora behera”.
Beste ohar bat ere egin du Etxezarretak. Jende asko mendira joango da egun horretan, eta oso lehor dagoenez guztia, sute arriskua oso altua dela gogoratu du, eta “ingurumena zaintzeko ardura berezia” izan beharko dela azpimarratu. “Horrelako gauzak gogoratzea ez dago lekuz kanpo”, dio.
Eguzki eklipsea ikustera joateko animatu du jendea Lemniskatako kideak, “benetan zirraragarria da! Nik orain dela 30 urtetik gora ikusi nuen hemendik kanpo, eta oso polita da. Tenperatura 3-5 gradu jaitsiko da, txoriak eta animalia guztiak aztoratu egingo dira, isiltasuna izango da, haizea sortuko da…”.













