Gabiriako makila jaistearen historia
Eusebio Igartzabalek gogoratu du duela 18-19 urte eskas hasitako ohitura dela.
Gabirian, elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira makila jaistea Andra Mari eta San Roke jaiei hasiera emateko zeremonia bihurtu da, pregoi irakurketa eta suziri jaurtiketarekin batera. Eusebio Igartzabalek azaldu zuen atzo nondik datorren eta noizkoa den ohitura hori, askok uste dutena baino berriagoa dena.
Gabiriarrak gogoratu zuenez, “18-19 urte izango dira egiten hasi ginela”. Juanito Esnaola zena izan zuen lagun burutazioan, “zergatik ez dugu makila hartu eta elizatik udaletxera jaisten?” esan omen zion. “Haren asmoa zen makila utero aldatzea, udazkenean mendira joanda, urritzezkoa. Baina ez dugu egin hori. Oraindik berak ekarritako lehen makila erabiltzen da”. Makila aukeratu zuten, gabiriarren ezizena makilari delako.
Beraz, ez da ohitura zaharra makila jaistearena, “baina erakusten hasi beharrean gaude, jende gazteak ez dakielako nondik datorren”.
Igartzabalek oraindik jarraitzen du makila jaitsiera, eta festen amaierako igoera, prestatzeko lanetan murgilduta.













