Gabirian hasi dira festak
Maria Jesus Deba eta Juan Ramon Goikoetxea 'Pello' arduratu ziren pregoia irakurtzeaz atzo arratsaldean. Festak astelehen gauera arte luzatuko dira. Gaur, bihar eta etzi autobusak egongo dira gauez.
Andra Mari eta San Roke festak hasi dira Gabirian. Atzo arratsaldean jaitsi zuten makila elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira, eta horren fatxadan egongo da eskegita astelehen gauera arte. Bitartean, era askotako ekitaldiak izango dituzte aukeran herritarrek eta bisitariek, adin guztientzako gainera.
Aurtengo jaien pregoia irakurtzeko ardura urteetan Aztiriako erretegiaren kargu izan duten Maria Jesus Deba eta Juan Ramon Goikoetxea ‘Pello’ bikotearena izan zen. Erretegian “eskainitako tratua, goxotasuna, zerbitzua… eta auzoan egindako edozein ekitaldi eta ekintzatan laguntzeko agertu duten prestutasuna” aipatu zituen Endika Igartzabal alkateak, eta azaldu zuen horri guztiari aitortza egiteko asmoz eskaini zitzaiela pregoia irakurtzea. Bikoteak, bere aldiz, “ilusio handiz, esker onez eta urduritasun pixka batekin” ekin zion pregoia irakurtzeari, “ohore handia” zela azpimarratuz. Garai bateko oroitzapenak izan zituzten gogoan, Ostatuan Maria Jesusek lanean egindako urteak horien artean, eta etorkizuna ere aipatu zuten, baina datozen egunetako festetan jarri zuten fokua bereziki, guztiei ondo pasatzeko opaz. Txalo zaparrada jaso zuten hizketaldia bukatzean.
Pregoia amaitutakoan, txupina bota zuten, eta ondoren buruhandiak atera ziren. Horrekin, goizaldera arte luzatu den festa giroa piztu zen. Afarian elkartu ziren herritarrak gauari hasiera emateko, gazteak bereziki, eta musika izan zuten ondoren Puntukakotx elektrotxarangarekin.
Gaurko eguna ere festa-ekitaldiz bete-betea dator. Gaueko giroari begira, autobus zerbitzua izango da inguruko herrietatik, baita bihar eta etzi ere.
Autobus zerbitzu bereziak
Legazpitik 18:00etan, 20:15ean eta 22:20an irtengo dira autobusak, Urola kaletik, eta Zumarragako tren geltokian, eta Ezkioko Alegi auzoan geratuko dira. Itzultzeko, 19:45ean, 21:50ean, 00:00etam, 02:00etan eta 05:00etan aterako dira Gabiriatik.
Ordiziatik, berriz, Garagartzatik aterako dira autobusak 19:15ean eta 21:30ean, eta Beasainen tren geltokian eta Ormaiztegiko erdigunean geratuko dira. Gabiriatik 18:45ean, 21:00etan, 01:00ean, 03:00etan eta 04:30ean aterako dira.
GAUR
13:00. Herri kirol apustua.
18:30. Bertso saioa. Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Xabat Illarregi, Maddi Agirre eta Aratz Igartzabal.
23:00. Kontzertua: Aramu, Maskak eta DJ Naza.













