Majori kiroldegiko tabernako langileak kaleratu dituztela jakinarazi du ELAk
Athlon enpresak zuen zerbitzuaren ustiaketa, eta horrekin ez jarraitzea erabaki ondoren, sei langileei baja eman diete Gizarte Segurantzan uztail amaieran.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Ordiziako Majori kiroldegiko taberna ustiatzen zuen Athlon enpresak kalean utzi ditu zerbitzu horretan lan egiten zuten sei langileak.
Sindikatuaren arabera, Athlon enpresak Majori kiroldegiko tabernaren ustiaketarekin ez jarraitzea erabaki du, eta uztailaren 31n enpresako sei langileei baja eman zien Gizarte Segurantzan. “Dirudienez, aurreko lizitazioa esleitu gabe geratu zen, eta berriro argitaratuko da zerbitzurako beste lizitazio bat.
Esleipen ezaren ondorioz, langileei Gizarte Segurantzan baja eman diete ,eta kontratua deuseztatu zaie, kaleratze eskutitzik gabe eta inolako kalte-ordainik eman gabe”. Hala ere, abuztuko lehen lau egunak lan egin zituzten kontraturik gabe, “ez enpresak ezta udalak ere ez dietelako inolako agindu edo idatzirik eman”.
Era berean, sindikatuak aditzera eman du langileek azpimarratu nahi dutela “Majori SL eta Ordiziko Udaletxearen aldetik ez dutela inolako babesik jaso”.
Orain, “enpresa, Majori SL eta Udala auzitara eramatea beste aukerarik ez dute, beren interesak defendatzeko eta enpresa esleipendun berriarekin jarraitu ahal izateko edo kalte-ordainak jasotzeko”.













