Zerainen ere hasi dira festak ospatzen
Herriko gazteek kantatutako bertsoek ireki dituzte Zeraingo Andra Mari jaiak, hirugarren urtez jarraian. Atzo iluntzean izan zen hasiera ofiziala, eta plazan jendetza elkartu zen Euskal Sagardoak, oilasko hegoek eta txistorrak eta gaztak. Gauean musikaren txanda izan zen. Gaur da festetako egun handia.
Ostegunean herriko pilota txapelketako finalaurrekoek eta ohiko gibel janek eta atzo bertan eguerdian eta arratsaldean batez ere haurrei zuzendutako ekintzek festa giroa zabaldu bazuten ere, iluntzera arte ez ziren hasi ofizialki Zeraingo Andra Mari jaiak. Hirugarren urtez jarraian, gazte talde batek egin zuen pregoia, 19:30 pasatxoan elizako kanpainak jo ondoren.
Bertso bat abestu zuten gazteek, ohi bezala, herri txikietan ere festa handiak ospatu daitezkeela aldarrikatuz:
Abuztuaren hamalauakin
badatoz festa usainak
zeraindar eta ingurukoak
elkartzen geran garaiak
gazte taldea batzen gaitunez
ondo pasatzeko nahiak
lau bat egunez sortuko dira
Zerainen une alaiak
giro onean ospa ditzagun
gure Andra Mari jaiak.
Kontzertuak nahiz sagardo eta
txakolinen dastaketa
herri afari, herri kirolak
pelotako txapelketa
lau bat egunez egitaraua
ipini zaigu beteta
beraz umorez goza dezagun
tristura denak gordeta
herri txikian festa handiak
ospatu daitezke eta.
Ondoren, suziria bota zuten, eta Euskal Sagardoa elkartean bildutako sagardogileen sagardoa, Luma Gorri oilasko hegoak eta Legazpiko Lakiola baserriko txekor txistorra dastatu zuen plazan elkartu zen jendetzak, azken egunetako baino eguraldi freskoagoak eta hezeagoak lagunduta.
Gauean musikaren txanda izan zen, eta Tolosako Mirua eta Segurako Balantza taldeak igo ziren taulatu gainera. Gaueko festa giroak Liztormendi Partyn izan du jarraipena, goizaldean makarroi janarekin amaitu arte.
Zeraindarrek bi jai egun dituzte oraindik aurretik. Gaur da egun handia, Andra Mari eguna, eta ekitaldiz betea dator, eguraldiari dagokionez goiza triste esnatu bada ere. Bihar gauean amaituko dira festak.













