Lazkaoko Aitor Iztuetaren gazta, Gipuzkoako txapelduna
Gipuzkoako Artzain Eguna ospatzen ari dira Legazpin. Gipuzkoako lehiaketan, Mausitxa izan da bigarrena eta Olaberriko Aizpea hirugarrena.
Gipuzkoako Artzain Eguna ospatzen ari dira gaur Legazpin. Gipuzkoako 42. Artzain lehiaketa izan da ekitaldi nagusietako bat eta 14:00k zirenean, jakinarazi dira irabazleak.
Hogei gazta aurkeztu dituzte lehiaketara eta lehia estua izan da, puntuek adierazten duten bezala. Sailkapena honela geratu da:
- 1. Aitor Iztueta-Intzartzu (Lazkao). 311 puntu.
- 2. Mausitxa (Elgoibar). 310 puntu.
- 3. Aizpea (Olaberria). 301 puntu.
- 4. Makatza (Legazpi). 300 puntu.
- 5. Ondarre (Segura). 297 puntu.
- 6. Bazkarrika (Gabiria). 293 puntu.
Urriaren 11n Idiazabalen jokatuko den Euskal Herriko gazta txapelketarako txartela lortu dute baita ere, Ordiziako Otatzak, Goienetxek, Ordiziako Haitz Berrik eta Berastegiko Gazpiok.
Baztarrikarentzat beste bi sari gehiago ere izan dira, gaztetxoen dastaketa txapelketarena eta dastaketa herrikoikoa.
Ardi-ahari erakusketa lehiaketa
Ardiak eta ahariak elizako arkupeetan kokatu dituzte gaur, berotik babesteko. Kontrolatutako Ardi latxa eta ahari erakusketaren barruan, hainbat sari ere banatu dira gaur Legazpin.
Mutur beltzetan, Olaberriko Abaroa baserria izan da irabazle ardietan eta arkaztetan, Olaberriko Aizpea elkartea. Eta mutur gorritan, ardietan Gomiztegi kooperatiba eta arkaztetan, Asier Sagasta.
Omenaldia
Lehiaketetako sari banaketak hasi aurretik, omenaldia egin diete hiru artzainei. Batetik, Amerikan artzain ibilitako Juan Carlos Olasagasti eta Miguel Taberna lesarrak, eta bestetik, Aiako Iñigo Eizagirre.
Mobilizazioetan parte hartzeko deia
Gipuzkoako EHNEko kide batek hartu du sari banaketa eta omenaldi ekitaldiaren ondoren, lehortearen ondorioz jasaten ari diren kalteei buruz hitz egiteko. Datozen egunetan, deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die herritarrei.
Ekitaldi ugari
Lehiaketez gain, ekitaldi ugari izan dira Legazpiko plazaren inguruan. Gazta eta sagardo dastaketak, haurrentzako jolasak, haurrentzako gazta tailerra, Baztarrikaren arku haragiz egindako hanburgesa txiki dastaketa, ardi mozte erakustaldia…
Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako 57. Euskal Artzain txakurren lehiaketa jokatuko da.
Argazkiak: Loinaz Agirre













