Usurbe, festaleku
Beasainen, Usurbeko jaia ospatzen ari dira. XX. Usurbeko Igoera Oier Larrañagak eta Maria Ordoñezek irabazi dute. Arizmendi baserriko Maite Zaldua eta Iñaki Irure omendu dituzte.
Beasainmendiko Kultur Elkarteak antolatuta, festa giroan dira asteburuan Usurben. Gaur, herri mezaren ondoren, 11:30ean, 20. Usurbeko Igoerako korrikalarien txanda izan da. Artzain Eneko aparkelekutik Agortarako 4,7 kilometroko aldapatzarra igo behar izan dute.
Agortara iristen lehena, gizonezkoetan, Oier Larrañaga lazkaotarra izan da (21:10) eta nesketan, Maria Ordoñez (28:16).
Bigarren postuan iritsi dira Aimad Bouziane eta Amaia Insausti olaberritarra. Eta hirugarrenean, Eneko Etxebarrieta ordiziarra eta Rebeca Mariño.
Festa giroan
Korrikalarien proba amaitutakoan, Laja II.a eta Narbaiza trikitilarien eta Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien jardunak izan dira. Eta 13:00etan, Usurbeko festako beste momentu goren bat: auzoko agureei omenaldia. Aurten, Arizmendi baserriko Maite Zaldua eta Iñaki Irure omendu dituzte.
Herri kirolak, Jokini omenaldia, bazkaria, haur jolasak eta buruhandiak dira Usurbeko jaiko gainerako osagaiak.













