Miren Castillo, Patxi Lazkano, Juanjo Sagastibeltza eta Aitor Mendirazek irakurriko dute Urretxuko jaietako pregoia
Erretiroa hartu duten edo hartzera doazen langileek irakurriko dute aurten Urretxuko jaietako pregoia: Miren Castillo, Patxi Lazkano, Juanjo Sagastibeltza eta Aitor Mendiarazek. Lauek gogor lan egin dute herriaren alde eta, bereziki, Santa Anastasia jaien antolaketan. Castillok kultur arloan eta Lazkano, Sagastibeltza eta Mendiarazak brigadan. Ekitaldia hilaren 18an izango da, 20:30ean.
Lauek esker ona azaldu dute atzo banatu zen jaietako egitarauan. “Urte osoan herriaren alde egiten dugu lan, baina jaiak iristen direnean ahalegin berezia egiten dugu dena prest eta txukun egon dadin. Urte asko daramatzagu isilean lanean, bakoitza bere arlotik, baina denok helburu berarekin: Urretxuko jaiak ahalik eta ondoen prestatzea. Lan hori ez dugu bakarrik egiten, herriko eragile, elkarte eta jaietan parte hartzen duten guztiekin elkarlanean aritzen gara. Haiekin eta haientzat egiten dugu lan. Aurten, ustekabean iritsi zaigun ohore handi hau eskertu nahi dugu. Erretiratzen garen langileoi pregoia irakurtzeko aukera eman diguzue. Une berezi hau gure aurretik erretiratutako lankideekin eta gaur egun udal honetan lanean ari diren guztiekin partekatu nahi dugu. Eskerrik asko Urretxu. Gora Urretxuko jaiak, gora Urretxu eta urretxuarrak!”.
GoiBerri aldizkariak Miren Castillori egindako elkarrizketa mardula argitaratuko du ostiral honetan.


DCF 1.0













