Uraren zerbitzu publikoaren balioa ikusarazteko kanpaina aurkeztu du Gipuzkoako Urakek
Gipuzkoako Uraken batez besteko prezioa 2,1 eurokoa da metro kubikoko. Kanpainaren bidez, herritarrek zer eta zergatik ordaintzen duten eta zer zerbitzu jasotzen duten ikusarazi nahi dute.
Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Kristina Rodriguez Adunako alkatea, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urakeko zuzendari kudeatzailea, Leire Artola Beasaingo alkate eta Gipuzkoako Urakeko lehendakaria, Unai Larreategi Gipuzkoako Urakeko lehendakariorde eta Soraluzeko alkatea eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea, 'Uraren balioa' kanpainaren aurkezpenean.Laida Goiburu Gipuzkoako Urakek Uraren balioa kanpaina aurkeztu du Beasaingo udaletxean. Beasainen izan da aurkezpena Leire Artola alkatea delako Gipuzkoako Urakeko lehendakaria. Artolaz gain, Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urakeko zuzendari kudeatzaileak eta Unai Larreategi Gipuzkoako Urakeko lehendakariorde eta Soraluzeko alkateak hartu dute hitza, eta Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Kristina Rodriguez Adunako alkatea, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea izan dira agerraldian. Uraren zerbitzu publikoaren balioa ikusarazteko kanpaina da. Gipuzkoako Urakek prestatu eta koordinatuta, Gipuzkoako Ur Kontsorzioa osatzen duten udalerri guztien eskura jartzeko landu dute.
Gipuzkoako Urakek lurraldearen %88ari ematen dio zerbitzua; 76 udalerriri eta 345.000 biztanle ingururi
Kanpainaren helburua ur txorrotaren atzean dagoen prozesu, azpiegitura eta lan guztiari ikusgarritasuna ematea da. Gipuzkoako Urakek lurraldearen %88ari ematen dio zerbitzua; 76 udalerriri eta 345.000 biztanle ingururi. Horretarako, zazpi urtegi, edateko ura tratatzeko hamalau estazio, 259 biltegi eta hamar araztegi kudeatzen ditu. Elosegik eman du prozesuaren azalpena: “Txorrota irekitzea sinplea da, baina horren atzetik lehenengo ura pilatu behar dugu, gure kasuan normalean urtegietan, hortik ur hori edangarri bihurtu behar da, tratalekuetan, tratalekuetatik hodi bitartez bidaltzen dugu herri bakoitzeko ur biltegietara, Beasaingo kasuan lau daude. Hortik herritarrei banaketa, txorrota irekitzen dutenerako ura izan dezaten, eta hortik berriz ere erabilitako ur hori herriko estolderi sarean jaso, estolderi saretik guk deitzen diegun kolektoreetara bideratu eta kolektoreetatik araztegietara, ur hori depuratzeko. Eta hau etengabe egiten dugu, 365 egun urtean, 24 orduz”. Horretarako 260 bat langile daude.
Estatuan, %55a pribatua da
Gipuzkoako Uraken prezioa 2,1 eurokoa da metro kubikoko, “nahiko prezio ajustatua” zuzendari kudeatzailearen esanetan. Beste estatu eta lurralde batzuekin konparaketak egin ditu, eta desberdintasunen zergatia azaldu. Madrilgo prezioa 1,5 eurokoa da metro kubikoko. “Madrilen dagoen enpresak 6 bat milioi herritarri ematen die zerbitzua, eta guk 345.000 biztanleri. Beste kasu batzuetan enpresaren filosofiak izan dezake eragina; Espainian, %45a zerbitzu publikoa da, eta %55 pribatua. Pribatutasun horrek garestitu egiten du uraren zerbitzua”. Danimarkakoa 9 eurokoa da prezioa metro kubikoko. “Danimarkan, adibidez, irabazi handiak ateratzen dizkiote uraren zerbitzuari”.
“Azpiegiturak daude, teknologia dago, mantentze lanak daude, etengabeko inbertsioak eta egunero zerbitzu hori bermatzeko lanean dauden pertsonak daude”
Leire Artola. Beasaingo alkate eta Gipuzkoako Urakeko lehendakaria
Faktura izan ohi da herritarrek uraren zerbitzuaren zikloarekin duten harremanik zuzenena, baina fakturak ez du berez azaltzen zer dagoen zenbateko horren atzean Artolak zehaztu duenez. “Azpiegiturak daude, teknologia dago, mantentze lanak daude, etengabeko inbertsioak eta egunero zerbitzu hori bermatzeko lanean dauden pertsonak daude”. Ur txorrota ireki eta ura lortzea eguneroko ekintza izatea “zerbitzuaren arrakastaren adierazle” bada ere, herritarrek ura nondik datorren, ze prozesu egiten duen, atzean zer lan dagoen eta zenbat eta zergatik ordaintzen den jakin dezaten nahi dute.
Distantzia handiak eta orografia konplexua
Bide beretik hitz egin du Larreategik ere, eta azaldu du tarifak alderatzea normala den arren, udalerri bakoitzaren baliabide eta ezaugarriei erreparatu behar zaiela desberdintasunak ulertzeko: “Ura herritar guztiengana berme berrekin eramateko baliabideak ez dira berdinak toki guztietan. Udalerri txikiak ditugu, biztanle gune sakabanatuak, distantzia handiak eta orografia konplexua, eta horrek eragina du ura etxera eramateko eta erabili ondoren behar bezala bildu eta tratatzeko zerbitzuan”. Udalek informazioaren zabalkunde zeregin horretan izan dezaketen gaitasuna azpimarratu du,”udalak direlako herritarrengandik gertuen dauden erakundeak: “Horregatik funtsezkoa iruditzen zaigu udalek kanpaina bere egitea, kontsorzio osoaren kanpaina izatea. Mezu bera lurralde osora zabalduko dugu”.













