Zaintza lanetan jarraitzen dute Txara eta Atxurbi inguruan
Aldundiko suhiltzaileak ingurua ureztatzen ari dira goizean goizetik. Sutea erabat kontrolatuta dago baina datozen egunetan oraindik eremua zaintzen jarraituko dute. Guztira 14 hektarea erre dira.
Sustoa ia pasata, gaur goizean orban ilun batera murriztua zegoen atzo arratsaldean Idiazabalen, Txarako zuloan eta Atxurbi inguruan piztutako sua. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak baieztatu duenez sutea erabat kontrolatuta dago, “atzo 21:00ak ingururako kontrolpean zegoen sua. Erreten lanak egiten aritu zen herritar talde bat 22:30erako erretiratu zen eta guardak geratu dira gauean ingurua zaintzen”. Ezbeharra gertatu den lekutik jaitsi berritan hitz egin du GOIERRIKO HITZAK alkatearekin eta azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak ingurua ureztatzen ari dira goizen goizetik, sua berriz ez pizteko helburuarekin, “gori daude oraindik atzo moztutako pinu ipurdiak; oso lehor dago dena eta oraindik lauzpabost egunetan kea dariola izango da”, gehitu du.
Atzo arratsaldean sustoa “handia” izan zela aitortu du: “Eskapara latza egin dugu, izan ere sua hasi zenean haizea zebilen inguruan, baina zorionez, suak indar handiena hartu zuen unean haizea geratu egin zen eta horrek, iluntzean egin zuen euriarekin batera, itzaltze lanak erraztu zituen”. Guztira ordea, 14 hektarea erre ditu suak.
Txinparta bat sorburua
Erretako eremua partikular baten jabetzakoa da. Pinu sartu berriak zituen, baita sekuoia bat ere alkateak azaldutakoaren arabera. Atzo arratsaldean garbiketa lanak egiten ari ziren inguruan eta Alberdik kontatu duenez, desbrozatze lanetan zebiltzala aparatuaren hortzetako batek harri batean jo eta gero sortutako txinparta bat izan zen suaren sorburua.
Aldundiko basozainak ingurua zaintzen arituko dira datozen egunetan, baina eguraldi iragarpenak aldekoak dira, ez baitago ez bero askorik ezta haizerik iragarrita datozen egunetarako.
Igandean jokatuko den Axari Trail mendi lasterketako ibilbidea Atxurbi ingurutik igaroko den arren, suteak ez du eraginik izango, antolatzaileek esan dutenez, kilometro ingurura geratzen da sutea gertatu den ingurunetik ibilbidea.













