'Titikornio' bularreko minbiziaren inguruko eleberria aurkeztu du Irati Garmendiak
'Xomorro lapurra' aurreneko album ilustratuaren jarraipena da, baina begirada eta sakontasun handiagoz mintzatu da orain. Bizipen pertsonalak eta fikzioa ditu oinarri.
Familia bat. Eguneroko bizitza, barreak, eztabaidak, negarrak eta kezkak. Eta, bat-batean, bonba bat erdian. Ez da Gaza edo Ukrainako gerra bateko bonba, baizik eta diagnostiko gaizto batek dakarren eztanda: bularreko minbizia. Horixe da Irati Garmendia Aranburuk (Ordizia, 1994) Titikornio eleberri berrian kontatzen duena. Erein argitaletxearekin ondu duen bigarren lana da, eta gaur aurkeztu du Donostian. 2022an argitaratutako Xomorro lapurra album ilustratuan bezala, oraingoan ere bularreko minbizia du hizpide, baina begirada eta sakontasun handiagoz.
«Gai delikatua da bularreko minbizia, askotan tabutzat daukaguna, baina adin guztietan landu beharrekoa, eta oso beharrezkoa», azaldu du Garmendiak. Album ilustratuan baina gai pisutsuagoak landu ditu orain, hausnarketa sakonagoetarako bide eman du, eta era gordinagoan aritu da. Izan ere, Titikornio ez da gaixotasunaren inguruko kontakizun soila. Heriotza, harremanak, sexualitatea eta irudimena bezalakoak ere agertzen dira, familiako kide bakoitzarengandik begiratuak. Finean, diagnostikoak ez dio soilik gaixoari eragiten; ingurukoen bizitza ere astintzen du, eta norberak bere modura egiten dio aurre egoerari.
Bizipen pertsonalak
Idazlearen kontakizun pertsonalean oinarritzen da, 2017an bularreko minbizia diagnostikatu baitzioten bere amari. «Itsaso zakar batean murgildu ginen», nabarmendu du. Urte eta erdiko prozesua izan zen, eta idazketa barruko korapiloak askatzeko tresna bihurtu zitzaion Garmendiari: «Beti gustatu izan zait idaztea, baina orduan terapia gisa hartu nuen». Denborarekin, ordea, bigarren diagnostiko bat iritsi zitzaien familiara: amonarena.
June da eleberrian aurreneko diagnostikoa jasotzen duena, emakume gazte bezain indartsua, bikotekidea eta bi seme-alaba dituena. Baina Juneren istorioak ez du protagonismo osoa hartzen. Mikel bikotekidearen beldurra ere nabari da, ez baitaki zer egin, zer esan edo nola lagundu. Markel seme nerabeak dena jakin nahi du, baina ez daki nola adierazi uneoro sentitzen duena, eta Kattalin alaba txikiak, berriz, ulertu egin nahi du; helduek metaforak erabiltzen dituzte gertatutakoak kontatzeko, baina ez ditu ulertzen. Azkenik, Kontxi dago, Juneren ama, familiaren beste begirada bat eskaini eta bilobak sendo eusten dituena. Baina nork eusten du Kontxi?
Hirugarren pertsonan kontatzen du eleberria, baina ez dago ikuspegi bakarrari lotua. Narratzaileak kamera baten modura jarraitzen du pertsonaia bakoitza. «Eleberria idazten hasi nintzenean konturatu nintzen pertsonaia bakoitzak bere ikuspegia zuela gaixotasunarekiko, eta hori islatu nahi izan dut», kontatu du.
Fikzioa ere bai
Bizipen horiek guztiak dira eleberriaren abiapuntua, baina ez osotasuna, fikzioa ere erabili baitu. Minbizia duten emakumeei akonpainamendua eskaintzen dien Iñurri elkartearen testigantzak baliatu ditu kontakizunaren ikuspegia zabaltzeko, podcast bidez jasotakoak. Fikzioak, hala, «denetarik kontatzeko aukera» eman dio eta, aldi berean, «biluzteko aukera handia» izan da.













