CAFeko eraso matxista salatu du Enpresa Batzordeak
Azken egunotan CAFen emandako eraso matxista salatu eta biktimei elkartasuna adierazi diete. Lantokiek "gune seguru" izan behar luketela aldarrikatu dute.
Atzo goizean jakinarazi zen CAFeko eraso matxista salatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur goizean Enpresa Batzordeko kideek. Salatu dute indarkeria matxistak “mila aurpegi” dituela eta CAFen azken egunotan gertatutakoa “horren adibide” dela: “Komunetan mota honetako grabaketak egitea emakumeen gaineko kontrol-nahiaren eta bortizkeriaren beste adierazle bat baino ez da”.
Lantokiek, espazio publiko zein pribatu guztiak bezala, emakume guztientzat “gune seguru” izan behar luketela aldarrikatu dute, eta halako erasoen aurrean mobilizatzeko beharra azpimarratu dute: “Jarrera sexista oro errotik moztea ezinbestekoa da; ezin da ekintza matxistarik erlatibizatu. Jarrera sexista orori aurre egitea guztion lana da, zenbaitek sentitzen duten inpunitatearekin amaitu behar baita”.















