Igartza-Loinatz auzokoen txanda da
Gaur Muxutruk, Nafarroa 1512, Azken Sustraiak eta Mala Ruina taldeek joko dute. Mozorro lehiaketa egingo dute bihar gauean, ‘Kirolak’ gaiarekin.
Talde bat iazko Igartza-Loinatz auzoko jaietan, astronautaz mozorrotuta. Jai Batzordea Aurreko asteburuko Usurbe mendiko jaien ondoren, Igartza-Loinatz auzoko jaien txanda iritsi da. Igandera bitartean auzoko txokoak festa giroz beteko dira, eta elkargune nagusia Loinatz futbol zelai ondoko aparkalekua izango da.
Atzo ekin zioten egitarauari, barraken irekierarekin eta DJ Indezent-ek girotutako pintxopote musikatuarekin. Baina gaur hasiko dira festak, danbatekoa jaurtita. Pailazoak izango dira gero, eta 19:00etan III. Sagardo Dastaketa. Jatekoa ere egongo da.
Gauean, berriz, lau taldek joko dute: Muxutruk erromeria taldeak, Nafarroa 1512 streepunk eta oi! taldeak, Azken Sustraiak punk-rock taldeak eta Mala Ruina rumba, rock-a eta punk-a nahasten dituen taldeak.
Bihar auzo azokarekin hasiko dute eguna. 11:00etatik 14:00etara bitartean, artelan, jantzi, landare edo zeramika postuak izango dira. 662 698 727 zenbakira Whatsapp mezu bat bidalita eman daiteke izena parte hartzeko. «Ekarri erabiltzen ez duzuna!», dei egin dute.
Duatloia, XX. Igartzako Dantzarien eguna, eta apar festa ere izango dira goizean. Arratsaldeko lehen orduan, 16:00etan, mus txapelketa jokatuko da Kattalin erretegian. Izen-ematea (30 euro) ordu erdi lehenago egingo da. Ondoren, aparkalekura itzulita, patata tortilla lehiaketa izango da. Parte hartzeko 15 euro ordaindu behar dira 600 398 668 zenbakian izena emanez.
Gaueko afaria norberak bere jana eramanda egingo dute, eta ogia eta edari banatuko dituzte. Mozorro lehiaketa ere egingo dute, Kirolak gaiarekin. Gauerdia pasatuta, 03:00etan, galtzontzillo eta kulero lasterketa izango da.
Igandea izango da azken eguna. Puzgarriak jarriko dituzte, eta paella herrikoia izango da bazkaltzeko. Txingen eta sokatira lehiaketa egingo dute arratsaldean, eta buruhandi eta erraldoiak izango dira txikienen gozamenerako. Herri kirolekin amaituko dira aurtengo festak.

2026ko Igartza-Loinatz auzoko jaietako egitaraua
Gaur, irailak 11
17:00. Danbatekoa jaien hasiera ofiziala emateko eta buruhandiak.
17:45. Pololo, Elena Madalena eta Txiki pailazoak.
19:00. III. Sagardo Dastaketa. Jatekoa ere egongo da.
22:00. Kontzertuak: Muxutruk, Nafarroa 1512, Azken Sustraiak eta Mala Ruina taldeak.
Bihar, irailak 12
11:00. Auzo azoka.
11:00. Ume eta gaztetxoentzako duatloia.
12:30. Igartzako Dantzariak.
12:30. Poteoa Koxkola txarangarekin.
13:00. Apar festa.
16:00. 32. Mus Txapelketa.
16:45. XIV. Patata Tortilla Lehiaketa.
18:00. Poteoa Koxkola txarangarekin.
21:00. Kontzertuak gaztetxean (Gaztetxearen 22. urteurrenaren ospakizuna).
21:30. Auzo afaria eta mozorro lehiaketa.
22:30. DJ Festa karpan.
03:00. Galtzontzillo eta kulero lasterketa.
Etzi, irailak 13
11:00. Puzgarriak.
12:30. Triki poteoa.
14:30. Paella herrikoia bingoarekin.
17:30. Txingak eta sokatira.
18:30. Buruhandiak eta erraldoiak.
19:00. Herri kirolak.
21:00. Festen amaiera.













