Legazpin hiru eguneko jaiak hasiko dituzte gaur
Gaur hasi eta igandera bitartean egitaraua zabala izango dute legazpiarrek. Bihar goizean jokatuko den sukaldari lehiaketan 23 taldek eman dute izena.
Gaur berriz ere, festa giroan murgilduko dira legazpiarrak. Igandera bitartean, Agorreko Santikutz jaiak ospatuko dituzte, ekitaldi ugarirekin.
Gaur, Korosting 2026 erronka da egitarauko lehen ekitaldia. 13:00etan hasita, 24 orduz jarraian, txandaka, Korostira igo eta jaitsiko dira korrikalariak. Arratsaldean berriz, 18:00etatik 20:00etara bitartean, jai hasierako sardina jana izango da Lekanazpi elkartearen eskutik, Euskal Herria plazan, Urbeltz pilotalekuaren ondoan. 2 euroren truke, pintxoa eta edaria izango dira aukeran.
Biharko eguna, 42. Sukaldari lehiaketarekin hasiko da. 23 taldek eman dute izena, eta partaideek erabakita, Osobukoa (zekorraren belaunpea) saltsan prestatu beharko dute.
Puntu Morea
Bestalde, Puntu Morearen zerbitzua berriro aktibatuko dute gaurtik igandera bitartean. Udalak jakin duenez, «maiatzeko jaietan lehen esperientzia martxan jarri ondoren, zerbitzu hau berriz eskaintzea erabaki dugu, formatua berrituz eta erantzun eraginkorragoa emateko egokituz, eraso sexista zein sexualik gabeko jai eremuak bermatzeko asmoz».
Era horretan, herri osoan «erantzun bateratu eta koordinatua lortzeko», udalak herriko ostalariekin eta txosnetako eragileekin bilera egin du formakuntza saio bat bideratu du. «Topaketa honen helburua ostalaritzako langileei eta jaietako eragileei prebentzio zein jarduera-tresnak helaraztea izan da, eraso baten aurrean herri mailako protokolo berdina jarrai dezaten. Bestalde, jaia igarotzen den lekuetan eraso matxistak saihesteko eta salatzeko informazioa zabalduko da».
Autobusa
Azkenik, Junetorri autobus zerbitzu berezia izango da jaietan. Ohiko ibilbidea egingo du, ondorengo ordutegiarekin: 10:30etik 14:30era, eta 17:30etik 21:47ra.
Egitaraua
Irailak 11, ostirala
- 13:00. Korosting 2026 hasiera.
- 16:30. Haurren bizikleta festa, Telleriarteko txirrindulari elkartearen eskutik, Euskal Herrian plazan.
- 18:00. Jai hasierako sardina jana, Lekanazpi elkartearen eskutik 20:00ak arte, Euskal Herria plazan (Urbeltz pilotaleku ondoan). 2 euro pintxoa eta tragoa.
- 18:30. LEK erraldoi eta buruhandi konpartsaren kalejira.
- 20:00. Bertso saioa: Beñat Gaztelumendi eta Ekhiñe Zapiain, Bertso Olariak elkarteak sustaturik Nafarroa kalean.
- 21:30. Kantu afaria. Doinua musika eskolaren eskutik, Euskal herria plazan, udaletxe aurrean (eguraldiak lagunduko ez balu, Azokan). Ogitartekoak eta sagardoa eta ura izango dira.
- 23:30. Kolpez Blai emanaldi ibiltaria Zo-Zongo taldearen eskutik, erdigunean.
- 23:30. Kontzertuak, Txosnagunean: Xaribari, Akerren Seinale eta Tintz
Irailak 12, larunbata
- 11:00. 42. Sukaldari lehiaketaren hasiera, Azokan.
- 11:30. Erraldoi alardea, LEK Legazpiko erraldoi konpartsak sustaturik. Parte hartuko dute, Legazpiko, Lazkaoko, Pasaiagoko, Urretxuko eta Tafallako Asier Marco konpartsez, gaiteroz lagundurik.
- 14:00. Sukaldari lehiaketako sari banaketa, Azokan.
- 17:30. Atletismoko 25. Milia herritarra, Laubide kalean, oinezkoen gunean. Goierri Garaia Atletismo Taldeak sustaturik.
- 18:00. Erraldoi alardea.
- 19:00. Sardanista Estol (Agramunt, Lleida) taldearen emanaldia, Korosti dantza taldeak sustaturik, Euskal Herria plazan.
- 23:00. Erromeri-kontzertua, Gozategi taldearekin, Euskal Herria plazan.
- 23:00. Kontzertuak Txosnagunean: Maruxak.
Irailak 13, igandea
- 09:00. Legazpiko 19. Argazki Rally Digitala, Batis Goikoetxea Memoriala. Izen-ematea Kultur Etxean, 10:00ak arte.
- 09:00. Diana Goiz Deia Txistulari taldearekin, erdiguneko kaleetan.
- 10:00. Gipuzkoako bola txapelketa, Danantzako herri bolatokian. Izen-ematea, 10:00etatik 11:00etara.
- 10:00. Hamaiketakoa Korostiaga mendian.
- 10:30. Meza, Korostiaga mendian.
- 11:00. Egurrezko joko erraldoiak eta zirku eskola, Euskal Herria plazan, haur, gazte eta familientzat, 14:00ak arte.
- 11:15. Erromeria, Goiz Deia txistulari taldearekin, Korostiaga mendian.
- 13:00. Alaitasuna Errondaila erdigunean, 14:30ak arte.
- 17:30. Haurrentzako ‘Oroitzapen ederrak’ ikuskizuna, Motx pailazoarekin, Euskal Herria plazan.
- 19:00. Legazpi Musika Banda kalejiran, erdigunean.
Txosnaguneko egitaraua
Irailak 11, ostirala
- 18:00. Txosna irekiera.
- 19:30. Patxangoi elektrotxaranga.
- 23:00. Kontzertuak: Xaribari, Akerren Seinale eta Tintz.
Irailak 12, larunbata
- 15:00. Herri bazkaria txosnan. Menua: makarroiak, edaria eta postrea. Txartelak salgai irailaren 4tik aurrera, 12 euroan, Karibe Zaharrean.
- 18:00. Marem-M eta mojitoak.
- 00:00. Kotzertua: Maruxak.













