Agorreko Santikutzekin amaitu dira aurtengo Legazpiko jaiak
Ostiralean hasi eta igande iluntzera arte ospatu dira herriko urteko azken jaiak. Eguraldia lagun, giro paregabea izan da asteburu osoan.
Agorreko Santikutzek itxi dute aurten ere Legazpiko urteroko jaien erronda. Maiatzeko jai nagusiak izan ziren lehenak, eta Hegialdekoak, Telleriartekoak, Aztiriakoak, San Ignaziokoak eta Brinkolakoak ondoren. Irailaren 14ko Santikutz egunaren bueltan ospatzen diren Agorreko jaiak dira egutegiko azkenak.
Aurten, irailaren 11tik 13ra bitartean ospatu dira, eta eguraldia lagun, asteburu paregabeaz gozatu ahal izan dute legazpiarrek.
Ostiral arratsaldean hasi ziren, Korosting erronkarekin, eta atzo iluntzean amaitu ziren, Legazpi Musika Bandak eta Legazpiko gaiteroek egindako kalejirarekin.
Bitartean, era askotako ekitaldiak izan dituzte aukeran: kirola, gastronomia, musika, argazkigintza, dantza, haurrentzako ekintzak, ekitaldi tradizionalak… Jende asko erakarri duten ekitaldiak izan dira, eta giroa paregabea izan da.
Bizikleta festako sariak
Bizikleta festa izan da aurtengo Agorreko Santikutz jaietako kirol ekitaldietako bat, Telleriarteko Txirrindulari elkartearen laguntzarekin ospatutakoa. Ostiral arratsaldean eginda, aurten ere hiru bizikleta zozkatu zituzten antolatzaileek, eta Leire Alustiza, Gorka Balerdi eta Mara Matxinandiarena izan ziren zortedunak.
Gainera, hainbat opari ere banatu zituzten, kaskoak eta bizikletentzako atzeko eta aurreko argi batzuk eta botila batzuk horien artean, Zatika bizikleta dendak oparitutakoak guztiak.
Antolatzaileek “ehun bat neska-mutilek pedalei eraginez igaro zuten ordu pare bateko saio atsegina” nabarmendu dute, eta Sorginak lagun taldea goraipatu dute, “asko izan zirelako, eta kolorea ere jarri ziotelako haur bizikleta festari”.
Gainera, Zatika, Zerki eta Legazpiko Udalari eskerrak eman dizkiete “urteroko babesarengatik”.
ARGAZKIAK: Juan Luis Ormazabal, Mikel Markotegi, Mattin Osinalde, Iker Zeberio, Iker Azpeitia eta Tere Madinabeitia













