Eskola garraioa berrezartzea aldarrikatu dute zaldibiarrek
Zaldibiatik Ordiziako Oianguren institutura joan dira oinez. Bertan, mural bat margotu dute, "eskola garraioa eskubidea da" jarriz.
Oianguren institutuko patioan murala margotu dute.Manex Usarralde Eskola garraioa berrezartzea aldarrikatu dute goizean zaldibiarrek. Protesta moduan Zaldibiatik Ordiziara oinez joan dira, eta Oianguren institutuan muralak margotu dituzte.
Oiangureneko patioan egin dute mural pintaketa saioa. Bitarte horretan Aloña Jauregi DBH 3-4ko ikasleen batzarreko kideak adierazi du Gorka Arretxe Oianguren institutuko zuzendariarekin hitz egin dutela. “Gorkak esan digu beraientzat ere ez dela egoera erosoa. Azken finean, gu beraien gurasoak gara eta beraien ikasleetaz ari gara hitz egiten”.
Gainera, zuzendariak ikuskariarekin egon berri zela eta hark gauza “larriak” esan dizkiola aitortu du guraso batzarreko kideak: “Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiarekin atzera ez duela egingo, eta gaurko protestaren harira esan dio ikastetxe gunera sartzeko atea ixtea eta, guri, sartzen ez uzteko”.
Zaldibiarren kezka nagusia
Protestara Zaldibiako eragile eta herritar gehiago ere azaldu dira. Nahkari Eskisabel Ausa Gaztelu Familia Elkarteko kideak heuren kezka “nagusia” zein den adierazi du: “Gaur egun arazo hauek badaude garraioarekin datozen ikasturteetan arazoak okerrera egingo du ikasle geroz eta gehiago baidatoz”.
Gaineratu du Zaldibiako Lardizabal eskola lerro bateko ikastetxe izatetik bi lerrokoa izatera igaro dela; hau da, maila bakoitzeko bi ikasgela daudela. Arratsaldean batzarra egingo dutela informazioaren eguneraketa egiteko aurreratu du, eta momentu honetan ez dutela asmorik kontua bertan behera uzteko adierazi du guraso batzarreko Jauregik.
Argazkiak: Manex Usarralde













