Eskola garraioaren aldeko protesta egingo dute, astelehenean
Zaldibiako Lardizabal eskolako guraso elkartea, DBHko guraso batzarra, Zaldibiako Udala eta herritarrak batu ziren prentsaurrekora, atzo.
Astelehenean protestara batzeko deia egin zuten atzoko prentsaurrekoan. Manex Usarralde Zaldibiako hainbat eragilek herri-protesta egitera dei egin dute astelehenerako. Izan ere, atzoko prentsaurrekoan berriro eskola garraioaren egoerari buruzko “kezka” eta “haserrea” plazaratu zuten. Bertan izan ziren DBHko ikasleen guraso batzarra, Lardizabal herri eskolako guraso elkartea, udaleko ordezkariak eta herritarrak.
Lardizabal herri eskolako eta Oianguren institutuko ikasle “guztiei” planto egiteko, eta astelehenean ikastetxera “ez joateko” deialdia egin diete: “Protesta moduan, 9:00etan abiatuta Zaldibiatik Ordiziara oinez joango gara. Oianguren institutuaren atarian 15 minutuko kontzentrazioa, eta, denon artean, ‘Eskola garraioa eskubidea da’ murala margotuko dugu”.
Aurreko osteguneko prentsaurrekoan adierazi zuten “herritar bakar bat” autobusetik kanpo geratzen bazen “planto” egingo zutela: “Asteartean 12 ikasle geratu ziren eserlekurik gabe, asteazkenean, berriz, 10”. Prentsaurrekoan, guraso batzarreko Naiara Etxeberriak eta Unai Belokik zioten horrek “argi” erakusten duela arazoa “egiturazkoa” dela. Gaineratu zuten datozen ikasturteetan ikasleen kopuruak “gorantz” egingo duela, eta egoera honek “okerrera”.
Hezkuntza Sailarekin desadostasuna
Hezkuntza Sailak eskaintzen dien konponbidea ikasleek “zutik” bidaiatzea da. Zaldibiako eragile eta herritarrei , ordea, ez zaie “segurua” ezta “onargarria” iruditzen: “Zutik bidaiatzea salbuespenezko egoera izan beharko litzateke, ez egunerokoa”. Horrez gain, ikasle batzuek eskola garraioaren doakotasuna “galtzen” dutela ere adierazi dute: “Ez gara erosotasunaz ari, baizik eta eskubideez, segurtasunaz, irisgarritasunaz eta aukera-berdintasunaz”.
“Ardurak” hartzeko eskaria
Azken egunetan ikasleak “berandutzeak” izaten ari direla ere adierazi zuten gurasoek, eta egoera kudeatzeko moduarekin “kezkatuta” daudela: “Ikasleei eta gurasoei arazoaren erantzukizuna leporatzeko edo egoera nolabait kriminalizatzeko joera sumatzen dugu, arazoa sortu duen erabakia administrazioarena denean”. Gainera, gurasoei, protestarako beraien seme-alabak “erabiltzea” leporatzen diete “behin eta berriz”.
Gurasoek horren aurrean Hezkuntza Sailari eskatzen diete egoeraren “ardura” hartzea, familiekin eta komunitatearekin “aurrez aurre” esertzea eta “behin betiko” konponbide bat bilatzea. Prentsaurrekoan parte-hartu zuten eragile eta herritarrek “argi” daukatelako egoerak horrela jarraitzen badu ez direla “geldirik” geldituko.













