Legazpik burdinarekin duen lotura aitzakia hartuta, asteburu osoko festa
Burdin Festan era askotako ekitaldiak izango dira, herriko iragana, oraina eta etorkizuna ezagutarazteko. Bisita antzeztuak, argitaratu gabeko irudiak, jatekoa, musika, haurrentzako ekintzak, erakusketak... era askotako ekitaldiak izango dira larunbatean eta igandean.
Burdin Festa ospatuko dute asteburuan Legazpin. Herriak burdinarekin duen harremana baliatuz, ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu du udalak, Lenbur Fundazioarekin eta beste eragile batzuekin batera, eta gaur aurkeztu dute.
Kale Nagusian Mirandaolako burdinola erakusten duen horma irudiaren aurrean egin dute aurkezpena, eta bertan Amaia Aizpurua udal zinegotzia, Lenbur Fundazioko kudeatzaile Agurtzane Elustondo, Zine Klub Legazpi elkarteko ordezkari Josean Larrea, eta asteburuko ekitaldi nagusietako bat izango den antzerki emanaldiaren berri eman duen Balen Moñux bergararra izan dira.
Burdin Festa larunbatean eta igandean ospatuko da Legazpiko erdigunean, eta era askotako ekitaldiak jasoko ditu.
Legazpiko ondarea ezagutarazteko festa
Amaia Aizpurua zinegotziak azaldu duenez, Burdin Festaren lehen edizio honekin “Legazpi museo bihurtuko” da asteburuan. “Gaur egungo Legazpi ulertzeko gure historia ezagutu behar dugu, eta horretan ezinbesteko papera jokatu du burdinaren industriak eta metalurgiak, gure herriaren izaera eta garapena baldintzatu dituztenak, nekazaritza izaerako herri izatetik industri herri garrantzitsu bihurtzeraino. Gaur egun ere ondare horrek gure nortasunaren parte izaten jarraitzen du”.
Asteburu honetan iragan hori ezagutzeko aukera izango da, baita gaur egungo Legazpi ere herriko elkarteen eskutik, eta etorkizunekoa ere bai, herriko enpresek erakutsiko duten jarduera ekonomikoen bidez.
Udalak Lenbur Fundazioaren laguntza izan du Burdin Festa antolatzeko, eta Agurtzane Elustondok azaldu du ekimenaren jatorria. Atzera begiratu du hasteko, eta fundazioak datorren urtean beteko dituen 30 urteak gogoratu ditu lehenik. “Ikerketa pila bat egin ditugu, industria ondarea berreskuratu, gorde eta azaleratu ere bai: fabrikak, makinak, objektuak, pertsonak, lanbideak, bizipenak, oroitzapenak, jakintza… Lenburrek beti nahi izan du herriarena herriari ematea, eta horretarako sortu genituen museoak, erakusketak, dokumentazio zentroa eta gehiago. Bestalde, gure mugetatik kanpo Legazpiren izena ere zabaldu dugu, eta Europa mailako ondare industrialaren mapan kokatu dugu herria, Anchor Point izendapena lortuta, hau da, erreferentziazko gunea da gure herria”.
Hori lortuta, ondare hori zabaltzeko aurrera begira eman beharreko pausoen artean kokatzen da herriko hainbat eragilerekin batera prestatu duten Burdin Festa: “Ondarea kalera atera nahi dugu, jendearengana iristea, eta herria museo bizi bat bihurtuko dugu”.
Bisita antzeztuak eta ikus-entzunezkoa
Burdin Festarako egitarau zabala eta era askotariko ekitaldiz betea prestatu dute. “Herritarrek gure ondarea ezagutzea nahi dugu, batez ere belaunaldi gazteek”, azaldu du Aizpuruak, eta horretarako, besteak beste, antzerkira jo dute. Bergarako Antzerki Musikala Elkartea arduratu da ondare hori ezagutarazteko emanaldiak prestatzeaz, herriko hainbat tokiak erakutsiz bisita antzeztuen bidez.
Agirre-Etxeberri, Santikutz egoitzako lorategia, eta Haztegi ikastolan zegoen Buen Pastor ikastetxeko ikasgela eta kapera erakutsiko dituzte bisita antzeztu horietan. Bestalde, orain arte ezagutzera eman ez diren 1970eko hamarkadako Legazpiko irudiekin osatutako ikus-entzunezkoa ere lagunduko dute antzerkiarekin.
Aizpuruak nabarmendu duenez, “esperientzia desberdina” izango dira bisita antzeztu hauek. Doakoak izango dira, eta lau izango dira guztira, larunbatean bi eta igandean beste bi. Ikus-entzunezkoa, berriz, larunbat gauean proiektatuko dute, plazan, eta duela hamarkada gutxiko Legazpi eta legazpiarrak nolakoa ziren ikusiko da bertan.
Bisita gehiago ere eskainiko dira. Hala, alkateak eta zinegotziek gidatuta, udaletxea ezagutzeko aukera izango da. Eta parrokia ere irekita egongo da larunbatean, eta organoa eta kanpandorrea erakutsiko dituzte. Azken honetan parte hartu nahi dutenek, izena eman beharko da udaletxean. Udal Euskaltegia hartzen duen eraikina ere bisitatu ahal izango da.
Ekitaldi gehiago
Burdin Festan Ilinti merkatari elkarteak ere parte hartuko du, eta egun horietan garai bateko denden eta dendarien argazkiekin beteko dituzte erakusleihoak. Kalean jarriko duten azokan ere parte hartuko dute merkatariek.
Bestelako ekitaldiak ere izango dira, eta Santikutz abesbatzak, Doinua Musika Eskolak, Korosti eta Sustraiak dantza taldeek, Goiz Deia txistulariek, Legazpi Musika Bandak, Sutan Ttakun txalapartariek, Bertso Olariek eta Alaitasuna errondailak musikaz eta dantzaz beteko dute herria. Haurrentzako jolasak, ipuin kontalariak eta janari postuak ere izango dira.
Herriko idazleek ere izango dute lekua Burdin Festan, eta igande goizean txoko bat jarriko dute plazan. Irakurketa maratoi txiki bat egingo dute bertan, Legazpiko historiari eskainita.
Burdin pintxoaren ibilbidea ere osatu dute Katilu, Urbeltz, Batzokia, Gizarte Zentroa, Mendi, Karibe Berri, Kukue eta Elizondo tabernen artean. Ekonomatuko kartilla bezalako txartel bat kaleratuko dute, eta bertan taberna guztietako zigiluak bilduta, 100 euroko sari baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.
Legazpiko gaurko enpresek ere parte hartuko dute Burdin Festan, eta etorkizunari eskainiko diote tarte bat. Larunbat eguerdian gune bat jarriko dute plazan herriko jarduera ekonomikoari eskainita, eta egiten dutena eta dituzten erronkak erakutsiko dituzte, eta curriculumak jasoko dituzte, besteak beste. Mahai inguru bat ere eskainiko dute.
Etorkizunari begirakoa izango da, baita ere, Legazpiren marka turistiko berriaren aurkezpena. Larunbat eguerdian egingo dute.
Legazpi hobeto ezagutzeko aukera paregabea dator asteburuan, eta prestatu dituzten ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak antolatzaileek.
Hona hemen egitarau osoa:














