Goierriko Koordinadora Feministak ere CAFeko erasoa gaitzetsi du
Hamarnaka lagun elkartu dira Goierriko Koordinadora Feministak Ordizian deituriko elkarretaratzean. Eraso matxista salatzeaz gain, biktimei "babes osoa" helarazi die.
Atzo arratsaldeko elkarretaratzea. GKF Goierriko Koordinadora Feministak ere aho batez gaitzetsi du CAF enpresan emandako eraso matxista, eta “babes osoa” eskaini die erasoa jasan duten biktimei. “Beraien ondoan gaude, eta behar dutenerako ere bertan izango gara beti”, adierazi zuten atzo arratsaldean Ordiziako Plaza Nagusian egindako elkarretaratzean. Era berean, gaineratu zuten lantokiko komunetan baimenik gabe grabaketak egin izanak “argi” erakusten duela indarkeria matxistak “mila aurpegi” dituela: “Komunetan mota honetako grabaketak egitea emakumeen gaineko kontrol-nahiaren eta bortizkeriaren beste adierazle bat baino ez da”.
Espazio publiko zein pribatu denek guztientzat “gune seguru” izan behar luketela azpimarratu eta jarrera sexista oro “errotik” mozteko beharrezkotasuna nabarmendu zuten: “Kolektibo gisa ulertzen dugu jarrera sexista orori aurre egitea guztion lana dela, zenbaitek sentitzen duten inpunitatearekin amaitu behar baita”.
Horrekin guztiarekin, indarkeria matxista “egiturazkoa” dela ohartarazi zuten: “Argi geratu da indarkeria matxista gizartean txertatuta daukagula, adin, jatorri edo eta klase soziala edozein izanik ere. Egiturazkoa den heinean, urruti zein gertu ematen da”.













