Makil hotsek beteko dute Legazpiko plaza ostiralean
Hika Teatroa konpainiak eta Oinkari dantza taldeak 'Makil hotsak' izeneko ikuskizuna eskainiko dute, 19:30ean.
Kale ikuskizuna ikusteko aukera izango da ostiralean, hilak 18, Legazpin, Hika Teatroa eta Oinkari dantza taldearen eskutik. Bi konpainien artean Makil Hotsak lana eskainiko dute 19:30ean, plazan. Latxartegi aretoan urrian hasiko den ikuskizun eszenikoen programazioaren aurrekaria izango da.
Dantzak, ahotsak, testuak eta mugimenduak tokia duten ikuskizuna da Makil hotsak. Ikuskizunaren hezurdura makil dantza ezberdinek osatuko dute, hainbat teorien arabera borroka edo guda islatzen dutenak.
Ikuskizun honek “Europan eta munduan orokorrean hedatzen ari diren gerra ahots eta hotsen aurrean antimilitarismoa eta intsumisioa aldarrikatu nahi ditu. Borrokaren esanahia deseraiki eta berrinterpretatzea izango du helburu, topaketaz, askatasunaz eta ospakizunaz hitz egiteko. Horrexegatik, makila, kolorez eta gizatasunez betetako mundu aske batekin amets egiten duen edonori zuzenduta egongo da”.
Lan honetan zuzeneko musika ere izango da, Garazi Navas musikari eta sortzailearen eskutik.
Agurtzane Intxaurragaren eta Miren Agur Meaberen testuetan oinarrituta, Intxaurragak berak eta Maialen Mariezkurrenak eta Eneko Gilek parte hartuko dute, Oinkari taldeko Izaskun Aizpurua, Lide Bengoetxea, Beñat Beobide, Onditz Esnaola, Mattin Etxebeste, Maren Goya, Gorka Granado, Naiet Jauregi, Uxue Odriozola, June Tejeria eta Elene Zeberiorekin batera.













