'Ombuaren itzala' filma eskainiko dute ostegunean Latxartegi aretoan
Emanaldia 19:00etan izango da, euskaraz eta dohainik. Patxi Bisquert zuzendaria bertan izango da.
Ombuaren itzala filma aukeratu du Legazpiko Udaleko Kultura zerbitzuak ikus-entzunezkoen programazioa abian jartzeko. Emanaldia ostegunean izango da, etzi, 19:00etan, Latxartegi aretoan. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da.
Pello Mari Otaño 1857an Zizurkilen jaiotako bertsolari eta poeta handia gogora ekartzen duen filma da Ombuaren itzala, Patxi Bisquertek zuzendutakoa. Bisquet Latxartegiko emanaldian izango da. Emanaldia euskaraz izango da.
Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariak zerbitzu militarra egin nahi ez zuelako egin zuen ihes Argentinara lehenengoz. 33 urterekin gaixotu eta Gipuzkoara itzuli zen. Madalen Alberdi ezagutu, ezkondu eta Donostian finkatu ziren. Hainbat literatur lehiaketatan parte hartu eta bere konposizio poetikoengatik nabarmendu zen. Ezin zuenez bere familia eta izaera politikoa –liberal errepublikano eta foruzalea– mantendu, Argentinara itzuli zen azken aldiz emaztearekin eta hiru seme-alabekin.
Patxi Bisquertek zuzendu du filma, berak idatzitako gidoiari jarraiki. Joseba Usabiaga eta Sara Cozar dira aktore nagusiak.













