Agustin Galabidek telegrafista lanari buruzko hitzaldia eskainiko du Zumalakarregin
Solasaldia Ormaiztegiko museoan ikusgai dagoen 'Soinu ak zeinu ak soinu' aldi baterako erakusketaren harira antolatu dute.
Agustin Galabide ormaiztegiarra merkataritza-ontzidi batean telegrafista aritu zen denbora batez. Ezohiko lanbide honen inguruko azalpenak eta lanean aritu zen garaiko hainbat istorio kontatuko ditu Galabidek ostegunean, 18:30ean, Zumalakarregi museoan.
Solasaldia Zumalakarregiren Artxibo praktikak programarako Maialen Lujanbiok sortutako Soinu ak zeinu ak soinu aldi baterako erakusketaren harira antolatu dute. Erakusketa honetan hiru lengoaia ezberdinek —irudiek, testu zatiek eta ahotsak— elkar osatuz biribiltzen dute kontakizuna. XIX. mendeko komunikazioaren parte garrantzitsu izan zen telegrafoak ere bere lekua du erakusketa honetan eta hortik, solasaldi hau antolatzeko ideia.
Familientzako saioa
Solasaldiarekin batera, larunbatean ,16:30etik 18:30era, Kodeak ezagutuz familientzako saioa antolatu dute Zumalakarregin bertan. Jarduera 6 eta 12 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta dago. Saio praktiko honetan, XIX. mendeko komunikazio moduen inguruan hausnartu eta morsea eta telegrafia baliatuz mezu propioak idazten ikasteko aukera egongo da.
Haur bakoitzeko 3 euroko kostua du saioak —museoko familia txartelarekin 1,5 euro— eta helduek sarrera doan izango dute. Izena zumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 659 434 566 telefonora deituta eman daiteke.












