‘Soinua ak zeinu ak soinu’ lana aurkeztu du Maialen Lujanbiok
Zumalakarregi museoan aurkeztu du lana gaur goizean. ‘Artxibo praktikak’ programaren baitako erakusketa da. Hizkuntza kodetua du oinarrian eta abendura arte egongo da ikusgai Zumalakarregin.
Lourdes Azpiazu, Zumalakarregiko koordinatzailea; Jon Enrike, Ormaiztegiko alkatea; Maialen Lujnabio, egilea eta Mikel Alberdi Zumalakarregiko artxibozaina gaur goizeko aurkezpen ekitaldian. Josune Zarandona Zumalakarregi museoaren Artxibo praktikak proiektuaren baitan, Soinua ak zeinu ak soinu erakusketa ondu du Maialen Lujanbiok. Goizean egin dute erakusketaren aurkezpen ekitaldia eta arratsaldeko 19:00etan izango da inaugurazioa, gaur. Aldi baterako erakusketa izango da eta abendura bitartean egongo da ikusgai.
Artxibo praktikak programaren bitartez, «Zumalakarregi museoaren XIX. mendeko artxiboa beste begirada batetik aztertzea da helburua» Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko artxibo arduradunak azaldu duenez; historialarien ikuspuntutik harago, artisten begiradatik «berrinterpretatzeko». Pedro G. Romero artista andaluziarrak egin zuen iaz programa honetako lehendabiziko azterlana eta atzo aurkeztu zutena, bigarrena da. Zumalakarregi museoarentzat horrelako artistekin lan egitea «sekulako pribilegioa» dela azpimarratu du Alberdik.
XIX. mendean kokatuta, garai hartako gainbegiratu bat egiten du erakusketak komunikazioaren parametroen barruan. Erakusketa bihurtu den proposamen hau «ahotsak idazteari buruz da, edo mezuak irudikatzeari buruz edo soinuak zeinu bihurtzeari buruz», azaldu du Lujanbiok aurkezpen ekitaldian. Erakusketak bidaia bat proposatzen du «ahotsezko edo ahozko mundu bat bizi duen garai batetik, komunikazio teknologikoetan barrena gaur eguna iradoki arte». Lujanbiok begiratu «subjektiboa, literarioa, poetikoa eta artistikoa» egin du XIX. mendeari buruz; ez da «historikoki milimetrikoa izan nahi duen begiratu bat. Irakurketa librea da».
Hizkuntza kodetua
Artxiboetan bila zebilela, hizkuntza kodetuan idatzita zegoen eskuizkribu bat izan zen erakusketarako «txinparta» piztu ziona. «Izatez bat baino gehiago zeuden eta kode ezberdinetan idatziak», gehitu du. Gutun zifratu horien bitartez, «ahotsa idatzi beharraren ideia horrek eraman ninduen automatikoki ahozko mundura eta ahozko mundutik idatzizko mundura doan pauso horretara».
Udarregi bertsolariaren figurak segituan egin zuen bat Lujanbioren hasierako ideia harekin, «Udarregik, garaiko biztanle xehearen gehiengoak bezala, ez zekin ez irakurtzen ezta idazten ere. Baina kode propio bat asmatu zuen —ganbarako zutabeetan marrak eginez— berak sortutako bertso haiek gordetzeko eta berriz ikusten zituenean berari gogora ekartzeko». Udarregi XIX. mendean jaio eta bizi zen bertsolaria izan zen eta gerren eta karlistaldien bertsoak, besteak beste, ere jarri zituen.
Udarregi jaio zen urte berean sortu zen braille hizkuntza, mende horretan morsea; «eta zalantzarik gabe kodeen hizkuntza honetan arakatzen hasi nintzen, hizkuntza guztiak direlako finean kode adostuak. Eta hizkuntzak erabiltzen direlako bai komunikatzeko, baina baita ezkutatzeko ere», zehaztu du egileak. Erakusketa binomio horretan, agerikoa eta ezkutukoa, oinarrituta dago bere osotasunean: «Dena da esaten denaren eta esan nahi ez denaren arteko zerbait». Karlistaldien testuinguruan kokatuta, kode hizkuntza hau zuzenean dago lotuta gerrarekin.
Hiru lengoia
Erakusketa hiru lengoaia ezberdinetan dago aurkeztuta: irudiak, zeinu idatzia, «alfabeto propio bat sortu dugu erakusketako mezuak helarazteko» eta ahotsa —bertsoak—. «Hiruetako bat ere ez da osoa, denei puskak falta zaizkio. Hiru bideak kordatuz osotasun bat jasoko dugu, ikusiz, irakurriz eta entzunez», zehaztu du. Marmol Estudiok egin ditu erakusketarako diseinu lanak soinuaren edizioaz Xabier Erkizia arduratu da. Erakusketa Irizarrek babesarekin egin da.






















