Ferian ere, kontserbak egiteko garai bete-betean
Udazkena gerturatzearekin sagar eta kuien eskaintza ere ugaritzen ari da, eta D'Elikatuz zentroak taldeen bisiten kanpaina berria abiatu du.
Udazkena gerturatzearekin, udako soberakinekin kontserbak egiteko garaia ere hasten da, eta Ordiziako ferian ohitura horrek izaten du oihartzuna. Zuhaiztiko fruta saltzaileen gunera gerturatu besterik ez da egin behar hori egiaztatzeko. Postuak ikusgarri daude tomatearen eta piperren kolore gorriaren eraginez.
Eta postu horien artean urtero nabarmentzen da Aguraingo (Araba) Javier Lacallerena, bereziki udare tomatez beteriko kaxak eta kaxak saltzen dituelako. Aurten ere ekarri du udare tomatea, eta 10 kilo inguruko kaxetan erosita, 0,90 euro kobratzen du kiloa. Kilo solteak erosita, kiloa 0.50 euroraino dago Zuhaiztian.
Piper ugari ere badago, batez ere Najerano izena duen motakoa, eta horien artean, Errioxako Leiva herrikoak dira nagusi. Kontserbarako piperren kiloa 1,70 eurotik gora dago. Laster iritsiko dira mota gehiago, piko eta pikillo batez ere.
Sagarra eta kuia, ugaritzen
Tomatearekin eta piperrekin kontserbak egiteko garaia den bezala, sagarrak biltzekoa ere bada oraingoa, eta Plaza Nagusiko postuetara etorrita, fruta horren eskaintza astetik astera zabaltzen ari dela nabaria da. Plazan saltzen direnak bertakoak edo gertukoak dira denak, Gabiriako Jose Antonio Elosegik gaur aurkeztutako galiwa sagarraren izenak kanpokoa dela iradokitzen badu ere. Gertuagoko izena dirudi, berriz, gaur feriara iritsi den beste sagar batek duena, urreztai, eta Errezilgo Simon Aizpuruk salgai jarri duena. Bi sagar mota horien kiloa 3,5 euroan dago.
Eta sagar motak ugaritzen doazen eran, kuiak ere bai. Gernika, euskal kuia, potimarron, Etampeseko kuia gorria… zer erosi badago Plaza Nagusiko postuetan.
Mahatsa ere garai honetakoa da, eta Zurutuzatarren postuan, urrutiko tokiei aipamen eginez horrek ere, Alejandriako moskatela izan dute gaur salgai, kiloa 5,5 euroan. Mahatsa Goierrikoa zen. Aramarren postu honetan, bestalde, bi lora mota berri ere ikusi dira: aster moreak eta Jerusalemgo orburuaren lore horiak. Sortak 5 euroan zituzten.
Perretxikoen eskaintza, bestalde, honako hau izan da, Mikel Lasaren eta Felix Barcinaren postuetan eskainitako guztia batuta: 120 kilo onddo (24-32 euro), 30 kilo ziza hori (18-22 euro) eta 20 kilo gorringo (24-40 euro).
Taldeen bisitak
Ikastetxeek eta elkarteek ikasturte berria hasi dutenez, D’Elikatuz zentroak ere heldu dio taldeen bisiten kanpainari. Gaur Alegiko herri eskolako ikasle gaztetxoak izan dituzte bisitan.
Beren kabuz etorrita, berriz, Pasai Antxoko ehun -bat jubilatu ere izan dira Plaza Nagusian eta inguruetan.















