«Legazpiarrek zaintzen inguruan dituzten kezkak jasotzeko karpa jarriko dute ostiralean plazan»
Legazpin Elkar Zainduz egitasmoaren barruan kokatzen da ekimena, eta gaiaren inguruan egin duen diagnostikoa osatzeko baliatuko dute informazioa. Internetez ere parte hartu daiteke.
Legazpiarrek zaintzaren gaiari buruz duten ikuspegia jaso nahi dute udalak martxan jarritako Elkar Zainduz Legazpin egitasmoko bultzatzaileek. Horretarako, kalera aterako dira eta ostiral honetan eta hurrengoan, hilak 18 eta 25, karpa bat jarriko dute Euskal Herria plazan 10:00etatik 14:00etara, herritarren ekarpenak jasotzeko eta egitasmoaren berri emateko.
Elkar Zainduz Legazpin hobeto ezagutzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute bertaratzen dutenek, baina, batez ere, Legazpiko zaintzaren inguruko beharrak, kezkak eta proposamenak jasotzeko gunea izango da.
Galdetegi bat prestatu dute, karpan bertan bete ahal izango dena, honelako edo antzeko galderekin: “Nola zaintzen dugu egunerokoan?”, “Zer behar antzematen ditugu?”, “Zeren falta sumatzen dugu?”, edo “Zer hobetu daiteke?”. Galdetegi hori internetez ere bete daiteke, udalaren www.legazpi.eus webgunean.
Jasotako informazioak orain arte egindako diagnostikoa osatzeko balioko du, baita herritarren ikuspegia Zaintza Mahaiaren lanera eramateko ere. Mahai horretan ari dira zehazten Elkar Zainduz Legazpin egitasmoaren lehentasunak eta hurrengo urratsak.












