Euskara ikasteko dirulaguntzak eta ikastaroak, ordiziarren eskura
Euskara ikasteko ohiko dirulaguntzak eskainiko ditu Ordiziako Udalak. Gurasoentzat zein jubilatuentzat euskara ikastaro berriak izango dira. Asteartea baino lehen izena eman beharko da.
Screenshot Herritarrei euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta ikasketa-prozesua errazteko helburuari eutsita, aurtengoan ere euskara ikasteko dirulaguntzak herritarren eskura jarriko ditu Ordiziako Udalak, baina berrikuntzaren batekin. Izan ere, jubilatu eta pentsiodunentzat zein gurasoentzat doako bi talde antolatuko dira.
Ohiko dirulaguntzak
Dirulaguntzen bidez, batetik, Ordizian erroldatutako pertsonei matrikularen %100 itzuliko zaie, baldin eta ikastaroak 530 eurotik beherako kostua badu. Ordizian erroldatuta ez daudenek, berriz, matrikularen %85eko laguntza jaso ahal izango dute, baldintza batzuk betetzen badituzte.
Laguntza jaso ahal izango dutenen artean sartzen dira, besteak beste, Ordizian kokatutako eta euskara plana duten enpresetako arduradun eta langileek, euskara-hitzarmena sinatu duten herriko merkataritza-establezimenduetako arduradun eta langileek, eta euskara sustatzeko hitzarmena duten kirol-taldeetako begirale eta entrenatzaileek. Zentzu horretan, beharrezkoa izango da 16 urtetik gorakoa izatea eta klaseetara gutxienez %80ko asistentzia izatea.
Gehienez urtean 530 euro jaso ahal izango dira; barnetegien kasuan, muga 650 eurokoa izango da. Informazio gehiago behar duenarentzat 943 80 56 22 telefono zenbakia ezarri dute harremanetarako telefono gisa.
Bi euskara ikastaro berri
Euskara herritar gehiagorengana hurbiltzeko eta ikasketa-prozesuan lehen urratsak emateko aukera eskaintzeko asmoz, urrats berri bat egin du Ordiziako Udalak: euskara ikasteko bi talde berri sustatuko ditu 2026-2027 ikasturtean.
Batetik, Zuhaizti zentroan jubilatu eta pentsiodunentzat hasierako mailetako euskara-taldea osatu nahi dute. Taldean parte hartzen duten ikasleek, hala, ez dute kosturik izango, eta izen-ematea Zuhaiztiko bulegoan edo Goiztiri AEK euskaltegian egin ahal izango dute, irailaren 22ra arte.
Bestalde, gurasoentzako A0 mailako talde bat sortu nahi dute, euskara hutsetik ikasten hasi nahi dutenentzat. Alotza haur eskolan, Jakintza ikastolan edo Urdaneta-Oianguren BHI ikastetxean seme-alabak matrikulatuta dituzten gurasoek eman ahal izango dute izena, betiere A0 mailako ikasleak badira. Taldea AEKren lankidetzarekin antolatuko da, eta eskolen egunak eta ordutegiak taldea bera osatutakoan adostuko dira, baina oro har, astean bi saio izango ditu, guztira urtean 165 orduko ikasketa-prozesuarekin.
Eusko Jaurlaritzaren Euskara Bonuaren bidez, A0 mailatik A2 mailara arteko ikasketak diruz lagunduko dira. Bonuak 120 euroko kostua du, eta udalak iragarri duenez, bere gain hartuko du izena ematen duten gurasoen bonuaren kostua.
Gurasoen taldean izena emateko, interesdunek Goiztiri AEK euskaltegira jo beharko dute, irailaren 22a baino lehen.












