'Iraganari kateatuta' liburua kaleratu du Migel Angel Mintegik
Intriga, misterioa eta maitasuna uztartzen ditu lanean. Gazte zein helduentzat aproposa izan daiteke. "Aurreneko orritik bukaerara arte pentsatzen dut irakurlea gogoekin egongo dela ea zer gertatzen den jakiteko", azaldu du Mintegik.
Migel Angel Mintegi liburua eskuan duela.Laida Goiburu Umetatik Beasainen bizi den Migel Angel Mintegi Larrazak (Ataun, 1949) Iraganari kateatuta eleberria argitaratu berri du Alai argitaletxearekin, irailaren hasieran. 1990ean Donostia Hiria ipuin lehiaketan Baztango etxea izeneko ipuinarekin ohorezko aipamena lortu zuen, eta ipuin horretan oinarrituta ondu du azken lana.
Xabier izeneko 20 urteko mutila da protagonista. Urte oso txarra izan du Xabierrek, eta Baztanera joango da bere familiaren etxera, Mintegiren hitzetan, “burua argitzera-edo”. Eta bat-batean desagertu egingo da. Bere lagun mina den Pablo, kezkatuta, bere bila joango da, eta Xabierren eguneroko bat aurkituko du. “Kronika moduko bat aurkitzen du eta konturatzen da gauza arraroak daudela. Horren harira, Eskozian bukatuko du, arrisku bizian”, azaldu du egileak.
Nafarroan dago kokatuta eleberria batik bat, baina Baztango etxea ez bezala –”ipuin hartan dena baitzen Baztanen”–, Iruñea, Baztan eta Eskozia izango dira lokalizazioak. “Ibilbide nahiko luzea du, eta irakurleak bidaiatuko du iraganera eta Euskal Herritik kanpora ere”.
Hamalaugarren liburua
Hiru zati ditu eleberriak. Batetik, protagonistak unibertsitatean urte sabatikoa hartzen duela eta desagertu egiten dela azaltzen da; bestetik, haren egunerokoa edo kronikak agertzen dira, eta hor ikusten da bere familiari buruz arakatzen ibili dela; eta azkenik, Eskozian larri dagoela azaltzen da, eta bere laguna hara doala.
Ideia bere emazteari oparitu zioten koadro bat ikusi ondoren sortu zitzaiola azaldu du Mintegik: “Han ikusten da herrixka bat, oso polita, eta halako batean ideia bat etorri zitzaidan, herrixka ezezagun hori eta gazte bat lotu nituen, eta horrela iraganerako bide bat egin nuen”.
Intriga, misterioa eta maitasuna uztartzen ditu lanean. Irakurlea harrapatuta edukitzeko ideiarekin hasi zen idazten: “Aurreneko orritik bukaerara arte pentsatzen dut irakurlea gogoekin egongo dela ea zer gertatzen den jakiteko. Nik idazterakoan hori lortu nahi izaten dut, batzuetan zaila izaten da baina nire ideia hasieratik irakurlea harrapatzea da”.
Bere hamalaugarren liburua da. Helduentzat hiruzpalau egin ditu, eta besteak gazteei zuzendutakoak izan dira. Baina sailkatze modu hori lausoa da Mintegirentzat. Azken lana ere gazte literatura bezala sailkatu duten arren, helduentzat ere aproposa baita bere esanetan.
“Beste batzuek telebista ikusten duten bezala, nik ere bai pixka bat, baina nik irakurri edo idatzi egiten dut, gustatzen zait eta ondo pasatzen dut”
Migel Angel Mintegi. Idazlea
Literatura “bizitzan osagarri bat” izan da berarentzat. Proiektista izan da ogibidez. “Baina literatura txikitatik gustatu izan zait, asko irakurri dut eta orain ere bai”. Euskara hobetzeko afizio gisa ekin zion idazteari. Ataundik Beasainera bizitzera joandakoan euskara galdu zuen, eta alfabetatzean idazten hasi zen. Liburu guztiak euskaraz argitaratu ditu, baina gogoan du Haritz zaharra ipuinaren istorioa: “Gaztelaniaz idatzi nuen, eta ondoren euskara ikasten hasia nintzela-eta, euskaratu egin nuen eta Donostia Hiria ipuin lehiaketara aurkeztu”. Irabazi egin zuen, 1987an.
“Euskara berreskuratu eta hobetzeko lanean lagundu” egin zion idazteak, eta “argitaratu gabeko ipuin pilo bat” dauzka. Jubilatuta ere jarraitzen du idazten: “Beste batzuek telebista ikusten duten bezala, nik ere bai pixka bat, baina nik irakurri edo idatzi egiten dut, gustatzen zait eta ondo pasatzen dut”.
Iraganari kateatuta salgai dago jada. Beasainen, Mirentxu liburu dendan dago eskuragarri.












