Juntadizoa dute larunbatean Txarape auzoan, bosgarrenez
Txarapeko auzotarren juntadizoan ateratako 'familia' argazkia, Zegaman. Unai Arakama Zegamako Txarape auzoko bizilagunek festa eguna dute larunbatean. Bosgarren urtez jarraian, auzokoen juntadizoa egingo dute egun bakarreko jai giroan. Auzolanean antolatzen dituzte festak, auzokoek auzotarrentzat; baina zegamar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.
Gaur auzolanean egingo dituzte auzoaren apainketa eta muntaia lanak, 16:00etatik aurrera. Bihar, egunari hasiera emateko auzotarrek egindako patata tortillak jasoko dituzte 10:00etan. Ondoren, jai egunari hasiera emango dion txupinazioa botako dute 11:00etan eta mokadutxoa eskainiko zaie bertaratzen direnei, jarraian. Gero, haurrentzako jolasak izango dira (11:30): sorkuntza mahaia, tatuaje purpurinadunak, bizikleta edo motorrentzako ginkana eta bonba japoniarrak izango dira aukeran. Eguerdian (12:00) helduen toka txapelketari eta haurren bola txapelketari emango zaio hasiera eta 13:15ean bate jolasa izango da lehengo eta oraingo haurrentzat.
Atsedena, bazkaltzeko
Auzo bazkarian zehar balkoi apainketaren sari banaketa egingo dute. Arratsaldean, haurrentzako xaboi ponpak eta aurpegi margotzea (16:00) etas puzgarriak (17:00) izango dira eta toka eta bola txapelketaren bigarren tiraldiak (17:00). Amaitzeko, Enaitz eta Erkizi trikitilariekin luntx irekia (19:00).














