Landa-bideen garbiketan eta hobekuntzan jarraitzen du Ordiziak
100.000 euroko partida sortu dute lehen aldiz udalerriko landa-bide publikoetara bideratzeko.
Udal langileak lanean, gaur goizean. Ordiziako Udala Landa-eremuetako azpiegiturak hobetu eta egoera onean mantentzeko helburuari eutsita, landa-bide publikoak garbitzeko, mantentzeko eta berritzeko lanetan jarraitzen du Ordiziako Udalak. Lehen aldiz, gainera, 100.000 euroko partida sortu dute udalerriko landa-bide publikoetara bideratzeko, eta aurrera eramaten ari diren lanen artean daude, besteak beste, bide bazterretako garbiketa eta ubideak garbitzeko lanak.
Lan horiek Eguteran eta Arramendin egiten ari dira egunotan, eta datozen asteetan asfaltaketa lanei ekingo diete zenbait landa-bidetan, bideen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz. Maitane Alvarez alkateordeak aurreratu du asmoa dela negua iritsi aurretik beharrezko hobekuntza guztiak egitea, “landa-eremuetako bideak ahalik eta egoera onenean egon daitezen”.













