Urretxuko jaiak oso gauza serioa dira
Urretxuarrak festazaleak dira. Joxe Mari Iparragirre, munduko urretxuar ospetsuena, festazalea zen; baina bere atzetik etorri diren guztiak ere ez dira makalak. Hala, Iparragirre eta Santa Anastasia jaiak dira Urretxuko bi ikur nagusiak. Aurten ere makina bat herritar eta eragilek parte hartu dute festen antolaketan eta aparteko egitaraua prestatu dute.
Urretxun, festak oso gauza serioa dira. Iruñeko San Fermin jaiak munduko ospetsuenak dira, baina iruindar askok Iruñeatik alde egiten dute jaiak heltzen direnean. Santa Anastasia jaietan Urretxutik alde egin duen urretxuarrik ez da jaio oraindik… Eta txupinazoaren egunean urretxuarrek ez dute bisitaririk behar plaza betetzeko. Fermin, Anastasiarekin ezin.
Ez hori bakarrik. Urretxuko jaiek hiru hilabete irauten dutela esan daiteke. Egun handiak iraileko bigarren eta hirugarren asteburukoak dira, baina uztaileko eta abuztuko hizketagai nagusia jaiak izaten dira. Oporrekin gertatzen den bezala, urretxuarrek jaien aurreko asteez ere gozatzen dute. Jaiak gerturatzen ari direla pentsatze hutsarekin zoriontsuak dira.
Errituala antzerakoa izaten da urtero: txistu doinua kultur etxean, jaietako egitarauko azalaren aurkezpena, polemikaren bat edo beste… Aurten Ander Kerejeta beasaindarrak irabazi du Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa, Xirimiri lanarekin. Baina ez dadila inor larritu. Kerejetak pedigria du: Edurne Gabilondo urretxuarraren biloba da eta amonak kartela egiten lagundu dio.
Bertako elementu nagusia Iparragirreren gitarra da. Okertuta ageri da, Urretxuko aldapa irudikatzeko. Eta gitarraren gainean jaiekin eta herriarekin lotutako hainbat elementu ageri dira: Iparragirreren eta Anjelaren erraldoiak, Irimoko gurutzea, karroza bat, dantzariak, soinu txikia, dultzaina…
Karrozak
Jaien inguruko hizketagaiei dagokienez, aurten bi izan dira mintzagai nagusiak: bi kuadrillek bakarrik azaldu zutela karroza egiteko asmoa eta aurten udalak ez duela bazkaririk antolatuko jaietako astelehenean.
Bi kuadrillek bakarrik azaldu zuten Euskal Jaiko ibilaldirako karroza egiteko asmoa. Alarma gorria piztu zen eta bilera egin zen gaiaren inguruan hausnartzeko. Bertan, 50 lagun inguruk parte hartu zuten (udal ordezkariak, eragileak eta herritarrak). Guztiek kezka azaldu zuten eta hainbat neurri hartzea adostu zuten. Karroza egin duten kuadrillei orain arte baino diru-laguntza handiagoa eman zaie (1.000 euro), kuadrilla bakoitzak herri bazkarirako 10 txartel jaso ditu eta sariak hobetu dira. Egoerak, neurri horiek eta parte hartzeko deiak animatuta, beste sei kuadrillak izena eman dute. Hala, zortzi karroza egingo dira.
Asteleheneko bazkaria antolatu ez izanak ere zeresana eman du. Udalak gazteen, bertan lan egin izan dutenen eta gurasoen iritzia jaso ondoren hartu du erabakia. «Ez zegoen segurtasun fisiko zein emozionalez egiteko bermerik, azken urteetan sortu den jokabide desegokien inertziagatik», argudiatu dute. Batek baino gehiagok bazkaria antolatzeari uztea gehiegizkoa dela uste du, ordea.
Santa Anastasia jaiak aparteko gaia da igogailuan zertaz hitz egin ez dakitenentzat, baina kazetariontzat ere pagotsa dira. Uztailean eta abuztuan albiste lehortea izaten da eta jaiek egunkaria betetzen laguntzen dute. Aipatutako gaiez gain, herri bazkarirako izen-ematea, EH Bilduren proposamena jaien antolaketaren inguruan, alkatearen erantzuna…
Atsolorra
Baina, tira, amaitu da jaiez hitz egiteko garaia. Jaiez gozatzeko garaia heldu da. Bihartik aurrera, adin guztietako urretxuarrak kalera aterako dira abestera, dantzatzera, parranda egitera… Gurasoak haurrekin aterako dira, txikitatik festak goza ditzaten. Ez dago katea etengo den arriskurik, baina, badaezpada ere, urretxuarrek transmisioa bermatzea helburu duen ekitaldia antolatu dute lehenengoz: Atsolorra. Bihar, 17:00etan, iaz jaiotako haurrei ongi etorria egingo diete udaletxeko portaloian.
Ekitaldian Uxue Kerejetak, Lurra dantza taldeak eta bertso eskolako bertsolariek parte hartuko dute. Gainera, haurrei zapia jarriko diete eta Iparragirreren eta Anjelaren erraldoi bana eta bertso baten postala oparituko diete. Horrelako ongi etorriarekin nola ez dira ba urretxuar eta festazale finak izango?












