Urrezko ezteiak beteko ditu aurten Segurako Dantza Txapelketak
Ordutegia aldatuta, 12:00etan izango da txapelketa. Txapelketa jarraitzeko pantaila erraldoia jarriko dute frontoi zaharrean. Ondoren, txapelketa amaituta bazkaria egingo dute.
Euskal Herriko 50. Dantza Txapelketaren aurkezpen ekitaldia gaur goizean, Seguran. Tere Madinabeitia Seguran egiten den Euskal Herriko Dantza Txapelketak 50. urteurrena beteko du aurten eta Segurako Udalak aurrez iragarri bezala, aurtengo edizioa berezia izango da. Urriaren 17an egingo da txapelketa, baina aurretik, hainbat ekintza antolatu dituzte giroa berotzen hasteko. Gaur goizean egin dute txapelketaren aurkezpena Seguran, ekimen honekin hasieratik lotura estua izan duten eta duten hainbat lagunekin batera.
Izarra Urdalleta Segurako alkateak eta Iosune Arrondo kultur teknikariak; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondare zuzendariak; Antton Mendizabal, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak eta Andoni Salas, EiTBko koordinatzaileak hartu dute parte agerraldian. Beraiekin batera ziren, Lurdes Esnaola Nestor Basterretxearen lehengo trofeoaren irabazlea (1981, 1982 eta 1983); Rafael Gerriko eta Miren Gallastegi Segurako dantzariak, txapelketan parte hartu izanak, eta Arantxa Garin dantzariak eta aurtengo kartelaren egileak. Aurkezpen ekitaldia frontoi zaharrean egitekoak baziren ere, —txapelketa bertan egiten hasi zirelako—, euriaren eraginez eliza atarira lekualdatu behar izan dute azken unean.
Urrezko egitaraua
Mende laurdenak askorako ematen du eta txapelketak garai berrietara egokitu behar izan du. Edizio berezi hau «dantzari guztientzako omenaldia» izatea nahi dute antolatzaileek, «beraiek gabe txapelketarik ez litzatekeelako izango», azpimarratu dute.
Egun handia, urriaren 17a izango bada ere, hasita daude urteurrena goitik ospatzeko prestakizunetan. Udalak, txapelketa iragarriko zuen kartel lehiaketa deitu zuen martxoan. 10 egileren 16 lan jaso zituzten, baina epaimahaiak aho batez erabaki zuen irabazlerik ez hautatzea. Ondorioz, Arantxa Garin dantzaria eta diseinatzailea izan da kartelaren egilea, «edizio berezi honetarako beharrezkoak diren bi sentsibilitate nagusiak batzen dituelako: diseinuaren erabilpena eta Segurako Dantza Txapelketaren ezagutza».

Ondarea osatzen
50. urteurrenaren harira, aurretik Euskal Herriko Dantza Txapelketa 1977-2001 liburuxkan jasotako dokumentazio osatzeko 1997tik 2025era arteko datuak biltzen ari da Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra. Bestetik, argazki artxiboa osatzeko udalak egindako deialdiari erantzunez, 75 argazki zahar jaso dituzte eta udal artxiboan gordeko dituzte.
Dantzarekin zerikusia duten hainbat emanaldi ere antolatu dituzte: irailaren 20an, Goizaldiren euskal dantza tradizionalen emanaldia izango da (13:00) Segurako jubilatuen egunaren baitan, eta irailaren 24an, Lezo dantzaren sehaska ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute Seguran (18:30). Irailaren amaieran, urteetan txapelketaren sari nagusiak izan diren Nestor Basterretxearen eskulturen erakusketa iraunkorra jarriko dute Lardizabal jauregian —1977tik 2018ra artekoak—; eta urriaren 1etik 31ra, Iraultza dantza taldearen euskal jantzi tradizionalen erakusketa egongo da ikusgai Ardixaharra Etxean.
Aldaketak txapelketan
Urriaren 17an egingo den Euskal Herriko Dantza Txapelketan parte hartzeko izen ematea irekita dago oraindik, irailaren 25era arte. Egun horretan, 14:00etan itxiko da izen-ematea eta orduan jakinaraziko dute nortzuk izango diren aurten txapelketan parte hartuko duten dantzariak.
Txapelketaren ordutegia izango da 50. urteurren honetako berrikuntza nagusietako bat, 12:00etan emango baitzaio hasiera Baratze pilotalekuan. Edizio berezi honetan ohi baino ikusle gehiago espero dituzte eta horregatik, pantaila erraldoi bat egongo da frontoi zaharrean jarriko duten karpan, «pilotalekuan gertatzen ari dena zuzenean ikusteko».
Behin txapelketa amaituta, 15:00etan, bazkaria egingo dute frontoi zaharrean. 1977tik 1982ra arte bertan egin zen txapelketa eta modu horretan gogora ekarri nahi dituzte hasierako urte haiek. Bazkarirako txartelak urriaren 11ra arte egongo dira salgai herriko tabernetan, liburutegian eta udaletxean —helduena 20 euroan eta 16 urtetik beherakoena, 15 euroan—.
Txapelketa goizera aldatu badute ere, dantzarik ez da faltako arratsaldean Seguran. 17:30ean, dantza-plazak egingo dituzte plazan, Jaiki Hadi taldeak girotuta. Ekitaldiari herriko Azpilla dantza taldeak emango dio hasiera, «jende guztia dantzan jartzeko helburuarekin». Tarteka, etenaldiak egingi dituzte Euskal Herri osoko dantzak egiteko.
- Miren Gallastegi eta Rafael Gerriko Segurako dantzariak.
- Lurdes Esnaola segurarrak irabazi zuen Nestor Basterretxearen lehenego trofeoa 1981ean.















