Maialen Mendinueta, emozio, kolore eta animalien artean
Haurrentzako ipuinak idazten hasi da Maialen Mendinueta, txikiek emozioak azaltzeko dituzten zailtasunekin laguntzeko. Igandean erosi ahal izango dira, Burdin Festako Idazleen txokoan.
Emozioak azaltzeko orduan haurrek dituzten zailtasunekin laguntzeko asmoz, etxeko txikiei eta familiei zuzendutako ipuin bilduma osatzen hasita dago Maialen Mendinueta Urkia (Legazpi, 1980). Emozioen animaliak da bildumaren izena eta Iker da protagonista, emozio horietako bakoitzari lotutako animalia eta kolore banarekin batera.
Momentuz lau liburu argitaratu ditu. Amatxo triste dago izan zen lehena, eta ondoren etorri ziren Iker urduri dago, Iker jeloskor dago eta Iker pozik dago. Amazon-en daude salgai, baina igande eguerdian ere erosi ahal izango dira Burdin Festaren barruan plazan egokituko den Idazleen txokoan. Bertan izango da Mendinueta, herriko beste idazle batzuekin batera.
Ipuin laburrak
Esperientzia pertsonal batetik abiatu zuen Mendinuetak bilduma hau. Buruko osasun arazoak ditu, eta horiei ikusgarritasuna emateko, eta batez ere haurrengana iristeko, depresioa duen ama baten paperean sartu zen eta Amatxo triste dago lehen ipuina idatzi zuen. Sentimendu hori zer den azaltzea zen helburua, eta «haurrei helaraztea ama triste ikustean ez direla errudunak». Liburu horretarako Iker pertsonaia sortu zuen, eta hori izan da emozio gehiago azalduz joango den bildumaren ardatza. Iker urduri dago etorri zen ondoren, «umeek izaten duten antsietateari buruz hitz egiteko eta lasaitzeko jarraibideak emateko».
Iaz idatzi zituen bi lehen liburuak, eta aurten osatu ditu beste biak. Bakoitzean emozio bati egiten dio aipamena, eta orain arte tristura, urduritasuna, jeloskortasuna eta poztasuna jorratu dituen bezala, bildumarekin aurrera jarraitzeko asmoa du, eta emozio gehiago landu.
Bilduma batez ere haurrei zuzenduta dagoela kontuan hartuz, emozioak animalia eta koloreekin lotu ditu, «errazago identifikatu dezaten emozio bakoitza: tristura urdina da eta txoria da bere animalia; jelosia, berdearekin eta kamaleoiarekin lotu ditut; urduritasunak gorria eta sagua ditu ikur; eta pozak, horia eta untxia».
Ipuin laburrak dira, istorio txiki baten inguruan sortutakoak, hizkuntza errazean eta minuskulaz idatzitakoak, «baina hizki handiz». Euskarazko eta gaztelerazko bertsioa du bakoitzak. Ilustrazioak ere Mendinuetak berak egin ditu, Adimen Artifizialean masterra egiten ari dela baliatuz, hor ikasitakoa erabilita.
«Ipuinak familian irakurtzea gomendatzen dut, eta haurrekin komentatzeko irakurritakoa, edukia lantzeko».
Margotzeko koadernoa
Laster hurrengo alea kaleratuko du, liburuetako pertsonaietan eta orain arteko gaietan oinarritutako margotzeko koadernoa. Hontza, lehoia, trikua eta dortoka ere bidean daude.
Webgune bat ere sortua du Mendinuetak, eta bertan, proiektu honi buruzko informazio gehiago aurkitu daiteke: elmundodeiker.lovable.app/eu.













