Burdin Festaren bigarren eguna, iruditan bilduta
Atzokoa, herriko idazleen, bertsolarien eta hainbat musikari eta dantzariren eguna izan zen.
Legazpiko Udalak herriko hainbat elkarte eta eragilerekin batera astebururako antolatutako Burdin Festaren bigarren eguna, atzokoa, ekitaldiz beterik egon zen, larunbata bezala. Behean dagoen irudi galerian ikusi daiteke laburpen bat.
Eguna Bergarako Antzerki Musikatuak eskainitako bisita gidatuekin hasi zen goizean, eta iluntzean amaitu zen Alaitasuna errondailaren emanaldiarekin. Emanaldi horretan zehar, asteburuan egindako burdin-pintxo ibilbidearen sariduna ere eman zen jakitera, bertan egindako zozketaren ondoren. Joseba Guridi izan da irabazlea.
Burdin Festaren lehen edizio honen antolaketan parte hartu duten elkarte eta eragile guztien izenak ere azaldu zituzten amaieran. Udalarekin batera, Lenbur Fundazioa, Burdinola, Zine Klub Legazpi eta Urola Garaiko Mankomunitatea aritu dira lanean festa asteburu hau prestatzeko. Partaideak, berriz, Ilinti, Legazpi eta Doinua musika bandak, Goiz Deia txistulariak, Sustraiak eta Korosti dantza taldeak, BAM antzerki taldea, Bertso-Olariak, Alaitasuna Errondaila, Ormazarreta zalditegia, Santikutz abesbatza, parrokiko batzordea, Nagusilan eta Buztintegi izan dira. Herriko hainbat idazlek eta enpresak ere parte hartu dute Burdin Festaren lehen edizio honetan.
















