Legazpik bat egingo du Europak Mugikortasun Astearekin
Patinetea eta bizikleta izango dira datozen egunetarako antolatutako ekitaldien ardatzak. Mugikortasun arduratsua aldarrikatzea dute helburu.
sdr Legazpin hainbat ekitaldi antolatu dituzte Mugikortasunaren Europako astea ospatzeko. Bihar asteartea hasi eta ostiralera arte, joan-etorri modu iraunkorrenak balioestea eta bizilagunak egunerokoan nola mugitzen diren birpentsatzera animatzea helburu duten ekitaldiak izango dira, herritar guztiei zuzenduta.
Bihar, patineteari buruzko bide hezkuntza saioa egingo dute, 17:30etik 19:00etara, plazan, udaltzainenekin. Haurrei patinetearekin modu egokian ibiltzeko arauak azalduko dizkiete bertan. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako saioa da.
Ostegunean, berriz, bizikleta martxa egingo dute, plazatik 18:00etan abiatuta. Martxan parte hartzeko izena eman behar da, eta amaitzen denean, opariak banatuko dituzte partaide guztien artean. Norberak eraman beharko du bizikleta eta kaskoa. Herritar guztientzako jarduera da.
Ostiralean Aldundiak bizikletentzako furgoneta-tailer bat jarriko du plazan, 16:00etatik 20:00etara. Oinarrizko konponketa zerbitzua eskainiko diete Mugi txartela dutenei. Misterioa Topo Expressen ihes gela formatuko jarduera ere eskainiko da, garraio publikoaren garrantzia eta Mugiren abantailak azaltzen dituena. Bi bizikleta eta Mugirako 20 euroko kargak zozkatuko dituzte.













