Patrizio Etxeberriaren mezenasgoari buruzko erakusketa inauguratu dute
Txillida Lantokian egongo da ikusgai asteburuetan, urriaren 4ra arte. Besteak beste, Txillida, Oteiza eta Lucio Muñoz artistekin izan zuen harremana ezagutu daiteke. Lenbur Fundazioak antolatu du. 1972ko Legazpi erakusten duen ikus-entzunezkoa ere ikusgai dago bertan.
Lenbur Fundazioko Agurtzane Elustondok eta Olatz Condek inauguratu zuten joan den ostiralean Patrizio Etxeberriaren mezenasgo lana jasotzen duen erakusketa. Inaugurazioan Luis Txillida, eskultorearen semea eta Lenburreko lehendakaria, eta Eric Galvez Legazpiko alkatea izan zituzten ondoan.
Patrizio Etxeberria, mezenas erakusketa Txillida Lantokian dago ikusgai urriaren 4ra arte, asteburuetan soilik. Ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era egongo da zabalik.
Argazkiz eta adimen artifizialaren bidez bizitza hartu duten irudiz dago osatuta, eta bertan, Patrizio Etxeberriak artearen eta kulturaren arloan egindako mezenas lana ikusi daiteke, bereziki Eduardo Txillida, Lucio Muñoz eta Jorge Oteiza eskultoreekin lotutakoa. Arantzazu santutegiak leku esanguratsua du horregatik erakusketan. Elizako ateak, apostoluak, gurutzea, absidea… “Arantzazuk eta Legazpik lotura estua dute”, laburtu zuenez Condek inaugurazioan.
Conde izan da, hain zuzen, erakusketa honen arduraduna, eta ez zituen ahaztu horren osaketan lagundu zuten Iñaki Beldarrain, Juan Etxeberria eta “Arantzazuko lagunak”. Arantzazuko lagun horiek basilikaren eraikuntzan Legazpiko enpresariak zenbat lagundu zuen gogoratu eta nabarmendu zuten, Conderi erantzunez.
Mirandaolako burdinola berreskuratzeko egin zuen lana ere aipatu zuen Condek, baita bere bizitza pertsonaleko hainbat pasarte ere. Horietako batzuk erakusketan ezagutu daitezke, eta aurrerago oraindik gehiago, Agurtzane Elustondok iragarri zuen bezala, haren birloba Juan Etxeberria liburu bat idazten ari delako eta laster aurkeztuko duelako Legazpin.
1972ko ikus-entzunezkoa
Patrizio Etxeberria, mezenas erakusketa honekin batera, Josean eta Joseba Larrea aita-semeek 1972ko Legazpiri buruz osatu duten ikus-entzunezkoa ere ikusi ahal izango da. Larunbat gauean estreinatu zuten Burdin Festaren baitan, eta Txillida Lantokian ere ikusi ahal izango da datozen asteburuetan.
Lan horretan, RTVEk Legazpin grabatu zituen irudiak ikusten dira, eta larunbatean estreinatu arte, argitaratu gabeak ziren.















