Elkargunearen eguna ospatuko da larunbatean, aniztasunari eskainita
Mirandaola parkean izango da topaketa. Herriko bost gazteren testigantza entzuteko aukera izango da, desgaitasunari, genero identitateari, autismoari eta kultur aniztasunari buruz.
Iazko Elkargunearen eguna. Aurten ere Elkargunearen eguna ospatuko dute Legazpin, Mirandaola parkeko pilotalekuan. Larunbata, irailaren 26a da aukeratutako eguna, eta hitzordua 12:00etarako da.
Bizikidetzarako Herritar Foroaren ekimenez, Elkargune espazioa duela lau urte eraiki zuten Mirandolako parkean. “Giza eskubideekiko errespetua aldarrikatu nahi duen espazioa, eta mota guztietako biktimak aitortu nahi dituen memoria lekua” da Elkargunea, eta urtero bere erabilera bultzatzeko topaketa egitea erabaki zuten, horretarako iraileko azken larunbata aukeratuta.
Larunbat hau, irailaren 26a, da egun hori aurten, eta prestatu duten topaketaren gaia aniztasuna da. Balio hori aldarrikatu nahi dute, eta horretarako “Ardi Beltza- Desberdina izatea” leloa sortu dute. Aniztasunaren aldarrikapen horretan, Legazpiko bost gazteren testigantzak izango dira: Magda Dabrobsca, Urko Serna, Ekain Ochoa, Hiba El Abdary Bentama eta Hafsa El Abdary Bentama. Desgaitasunaz, genero identitateaz, autismoaz eta kultur aniztasunaz arituko dira. Musika talde bat ere izango da ekitaldia girotzeko eta ondoren, mokadutxo bat hartzen duten bitartean, mural kolektibo bat marraztuko dute denen artean.
Herritar guztiak daude gonbidatuta aniztasuna aldarrikatzeko topaketa honetara.













