Igandekoa, 17. Aizkorrin Barrena
Bi ibilbide prestatu dituzte, baita bi lehiaketa ere. Aurretik eman daiteke izena, baina egunean bertan ere bai. Antolatzaileek Brinkolara trenez joateko eskatu dute beste behin.
Egun gutxi batzuk besterik ez dira falta iganderako, eta Brinkola inguruan ia dena prest dago Aizkorrin Barrena mendi martxaren edizio berri bat hartzeko. Aurengoa 17.a izango da, eta igandea, irailaren 27a eguna. Eguraldi ona egingo duelakoan, antolatzaileek jendetza espero dute aurten ere.
Aurretik izena emateko aukera badago 17. edizio honetan ere, eta ostirala, irailaren 24a da azken egun. Ohi bezala, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko kiroldegietan, Izadi Zaleak elkartean, Urbeltz eta Insausti tabernetan eta Brinkolako Armuño elkartean daude izena emateko txartelak. On line ere egin daiteke izen-ematea, kirolprobak.com webgunean. Aurretik 12 euro ordaindu behar dira, eta egunean bertan, 15 euro. Trukean, partaideek kamiseta jasoko dute, eta mendi martxetan anoa postuak izango dituzte janari eta edariarekin. Mendi ibilaldiak egin gabe kamiseta erosteko aukera ere badago, 12 euroan.
Azken urteetan bezala, Aizkorrin Barrena batzordea arduratu da antolaketaz, Legazpiko Udalaren, Izadi Zaleak, Burdinola eta Brinkolako Armuño eta Arriurdin elkarteen laguntzarekin. Egunean bertan, boluntario askok egingo dute lan, horien artean egongo dira Atzegi eta Lekanazpi elkarteetako kideak, azken hauek bazkarirako paella prestatzen.
Ibilbide motza eta luzea aukeran
Aizkorrin Barrenak bi ibilbide izango ditu berriz ere, Brinkolako geltoki ondotik abiatuta. Ibilbide luzea edo Zanpa Zanpa 28 kilometrokoa izango da, 1.400 metroko desnibelarekin, eta 08:00etan irtenda, Artzanbururaino eta Aizkorritxoraino iritsiko da. Ttipi Ttapa edo ibilbide motza 09.00etan aterako da, eta 15 kilometroko luzera eta 620 metroko desnibela du; Jandoain izango da gune altuena.
Bi ibilbideetan anoa postuak izango dira. Jandoainen, martxa motzaren eta luzearen 9. kilometroan, eta Itzuntzaetan, martxa luzeko 18. kilometroan.
Antolatzaileek Brinkolara trenez joateko eskaera egin diete mendizaleei, eta eguerdi-arratsaldean Legazpira itzultzeko, trenaz gain, Junetorri zerbitzua ere izango dela gogoratu dute.
Brinkolan, bitartean, festa giroa izango da geltoki inguruan, eta bertako produktuak erosteko aukera izango da, auzoko ekoizleei esker. Bazkaria ere izango dute aukeran mendizaleek, Lekanazpi elkarteak antolatutako paellarekin (6 euroan errazioa); edaria Armuño elkartean erosi ahal izango da.
Bi lehiaketa
Mikel Oskoz galdera lehiaketa ere antolatu dute aurten Burdinola elkartekoek, bidean zehar toki izenak markatzeaz gain. Lehiaketaren hamaikagarren edizioa izango da igandekoa, eta Legazpiko mendizale eta Aizkorrin Barrena mendi martxako bultzatzailea gogoratzea izango du helburu. Opari sorta ederra egongo da irabazleentzat, ohi bezala.
Beste lehiaketa bat ere izango da aurten, iaz martxan jarritakoa. Parte hartzeko, @aizkorrinbarrena kontua aipatuz argazkiak igo beharko dira instagramera. Honetan ere sariak egongo dira.













