Komunitatean ospatuko dute Igartubeitiren 25. urteurrena, larunbatean
Zumitzezko sagar estruktura bat eraikiko dute elkarlanean. Ospakizunek jarraipena izango dute urriko Sagardo Astean.
Igartubeitiren zaharberritze lanak 1993 eta 2011 bitartean. Igartubeiti Ezkioko Igartubeiti baserri museoak lehenengoz ateak ireki zituenetik 25 urte bete ziren pasa den abuztuaren 10ean, eta mende laurdena bete duela ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte datozen asteetarako. Hurrena, larunbat honetan izango da 25. urteurrena «komunitatean ospatzeko», aitzakian.
Igartubeititik gogoratu dutenez, «museoak 25 urte daramatza tradizioaren eta bizitza garaikidearen arteko elkarrizketa sustatzen eta hainbat talde, elkarte eta bisitariekin sarean lanean». Horregatik, orain arteko egindako ibilbidea guztiekin osparuko dute larunbatean, 16:30etik aurrera egingo duten festan.
Zumitzezko sagarra
Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean ekimenaren bitartez, Ezkio-Itsasoko eskolako haurrek Itziar de la Granja Zegaman bizi den artisauaren laguntzarekin zumitzezko piezak sortu zituzten apirilean, habia teknika erabilita. Larunbat honetan, festa hasi aurretik eta irauten duen bitartean egingo dituzten zumitzezko piezak batu eta sagar itxurako egitura bat eraikiko dute. «Sagarra ez da fruitu bat bakarrik; urte hauetan ehundu dugun sarearen sinboloa da», diote museotik.
Zumezko adar bakoitzarekin, «Igartubeiti pertsona guztien parte hartzeari esker bizi dela eta taldean eraiki daitekeela edertasuna, memoria eta komunitatea» azpimarratu nahi dute. Jarduera honekin, «kolektiboaren indarra, memoria partekatua eta elkarrekin hazten jarraitzeko konpromisoa» ospatu nahi dituzte.
Larunbateko festan, belar meta bat ere eraikiko dute parte hartzaileek, Ezkioko Iñaki Alberdiren laguntzarekin. «Meta belar ondu eta ihartuaz egiten den pila mordoa da, ganaduarentzako bazka alferrik galdu gabe iraunarazteko. Gaur egun, desagertua da belar-meta egiteko ohitura eta baserrietako inguruko paisaia erabat aldatu da, plastikozko belar bolak nagusituz», azaldu dute.
Ospakiziunari amaiera emateko bertako produktuekin osatutako merienda dastatzeko aukera izango dute festan parte hartzen dutenek, 18:00etatik aurrera.
Jarraipena urrian
Proiektu kolektibo komunitario hau urrian amaituta egongo da, hilaren 7tik 17ra egingo den Sagardo Asterako. Hain zuzen, urriaren 7an, Sagardoaren AStearen irekiera egunean egingo dute zumezko sagar egituraren aurkezpena. 25. urteurreneko ospakizunek jarraipena izango dute urriaren 10ean eta 11n, trikitilariek girotuko duten bazkariarekin.
Larunbat honetako ekimena belaunaldi artekoa denez, edonork parte har dezake bertan. Parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 943 72 29 78 edo 943 72 51 07 telefonoetara deituta edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat bidalita.













