Indaba eta eztia, udazkenari ongi etorria emateko
Landareek ere aldatu dute denboraldia, eta azaren familiakoak eta porruak dira eskaintza berriaren izarrak.
Produktu berri eta garrantzitsuekin egin dio ongi etorria udazkenari Ordiziako azokak. Gaurkoa urtaro berriko lehen feria izan da, eta eguraldiak oraindik aldatzeko trazarik ez badu azaldu ere, naturak bere martxa jarraitzen duela erakutsi dute Plaza Nagusian aurkeztu dituzten indabak eta eztiak, udazken bete-betekoak biak.
Indaba edo babarrun beltza bi postutan jarri dute salgai, berria, oraindik iazko kanpainakoa ere badagoelako aukeran. Indaba beria, baatetik, Aramako Arantza eta Maite Zurutuza ahizpen postuan izan da aukeran leka eta guzti, baina Baliarraingoa, eta kiloa 18 euroan saldu dute, tartean lekale hori prestatzen sona handia duen Roberto Ruiz sukaldariari. Aletuta ere izan da salgai, Altzagako Arantxa Lopetegiren postuan, eta horrela saldutako kiloak 20 euro egin ditu.
Ikusmira eragin du gainerako saltzaileen artean aurtengo lehen indabak, azken hilabeteetan egindako eguraldi bero eta lehorrak ez diolako mesederik egin uztari. Urte honetan askorik ez dela izango esan dute gehienek.
Ezti salmenta hasi da
Baina indabaren ekoizpenari kalte egin dion bezala, eguraldiak mesede egin dio eztiari. Hala esan du behintzat gaur azokako salmenta denboraldiari hasiera eman dion Jon Etxeberria ezti ekoizle eta saltzaileak. Akazia eztiari buruz azaldu duenez, urte epela izan da aurtengoa eta horregatik lortu ahal izan du kanpaina honetan, azken urteetan ez bezala.
Mila lorea eta ezkiarekin egindako eztia ere baditu, baita mielatoarekin egindakoa ere, eta iaztik oraindik irauten dion erromero eta ezkia duena ere bai, honako hau dagoeneko kristalizatuta. Ezti mota guztien prezioa kiloko 16 eurokoa da.
Aurrerantzean mota gehiago eta erlearekin zerikusia duten produktu gehiago izango dituela agindu zuen ataundarrak.
Landareak aldatu dira
Landareen denboraldia ere aldatuz doa, eta Plaza Nagusiko hiru saltzaileen postuetako eskaintzan azaren familiakoak indarra hartzen ari dira. Aza, azalorea, romaneskua eta brokolia 0,30 euroan daude salgai. Eta eskarola, txikoria, borraja, zerba, ziazerba, pak choi eta erremolatxa ere garai honetan aldatzekoak dira, eta 0,20 euroan daude.
Porrua ere asko saltzen ari da, ehuneko sorta 4,5 eta 5 euro artean. Eta tipulin zuria iritsi berria da, ehuneko sorta 4,5 euroko prezioarekin.
Frutaren atalean ere izan da berritasunik, Zurutuzatarren postuan salgai jarri duten physalis-a. Fruta txikia da, kaskara barruan dagoen ale laranja edo horikoa, eta Asiako jatorria du. Ontzietan zuten salgai, pisuaren arabera 2 eta 3 euro artean.
Perretxikoen eskaintza, berriz, hau izan da: 100 kilo onddo (15-33 euroan kiloa) eta 30 kilo ziza hori (18-22 eur0).
Bakailao saltzaileak, agur
Amaitzeko, iragarri behar da urte askoren ondoren, datorren asteazkenean Ordiziako azokari agur esango diola Oscar Garcia bakailao saltzaileak. Goen plazan jartzen du postua Lezo Bakailaoak izenarekin, eta hurrengo astea izango du azken aldia.

















