Juanastegiko bidegorria luzatzeko lanak hasi ditu udalak
San Ignazio auzoko aldaparaino luzatuko dute, eta eremua egokitu ondoren, 22 aparkaleku plaza sortuko dituzte. Lurkide enpresa ari da lanak egiten.
Juanastegi kaleko bidegorria San Ignazio auzoko aldaparaino luzatzeko lanak hasi ditu udalak. Bidegorri zati hori irekita egongo da urte osoan zehar, eta udazkeneko eta neguko hilabeteetan itxi behar izaten zen tartea ordezkatuko du. Ondorioz, eta eremua berrantolatu eta gero, aparkaleku plaza gehiago sortuko dituzte.
Lanak Lurkide Hondalanak, S.L. enpresari esleitu dizkio udalak 47.959,58 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Hiru asteko iraupena izango dute gutxi gorabehera.
Lanen xehetasunak
Bidegorriaren luzapena 70 metro ingurukoa izango da, eta zati berria Juanastegiko egungo oinezkoen pasabidetik San Ignazio auzoko 21. ate pareraino joango da. Bide horrek 2,20 metroko zabalera izango du, eta norabide bakoitzean errei bat izango du. Hortik San Ignazioko aldaparainoko tartea errepide gainean markatuko dute bidegorria, eta bi noranzkoa izango da.
Eremu horretan 22 ibilgailurentzako aparkalekua sortuko dute, plaza bat mugikortasun urriko pertsonentzat gordeta, eta metro bateko espaloia ere egingo dute. Bestalde, Juanastegin, zelai eta pareta aldera dagoen espaloian araututa egon ez arren aparkatzeko erabiltzen den tartea margotu eta aparkaleku ofizial gisa egokituko dute, 13 plazekin.













