Marco Topo, Legazpi joko baten bidez ezagutzeko gonbita
Familiei zuzendutako jokoa da, eta Mirandaolako turismo bulegoan eskuratu daiteke, do internetetik deskargatu. Herriko hamabi puntutan gauzatzen den jokoa da.
Marco Topo Legazpiko baliabide turistiko berria da. Familiei zuzendutako joko interaktibo bat da, “herriko txoko, historia eta natura- zein kultura-ondare nagusiak modu dibertigarri eta hezitzailean” ezagutzeko aukera eskaintzen duena.
Joan den astean aurkeztu zuten Marco Topo, herriko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek eta irakasleek jokoak proposatzen dituen “erronkak, pistak eta abentura” estreinatu ondoren.
Proiektu hau Lenbur Fundazioaren eta Legazpiko Udalaren arteko elkarlanaren emaitza da. Herriko ondare industriala, naturala eta kulturala balioan jartzeko konpromisoa berretsi dute horrela bi erakundeek, bisitariei zein bertako familiei “esperientzia berritzailea” eskainiz. Marco Topo plataforma estatuko hainbat udalerri eta turismo-helmugatan arrakastaz erabiltzen den tresna da, eta dagoeneko Legazpin ere erabilgarri dago.
Jokoa ezagutu nahi dutenek, Mirandaolako Turismo Bulegoan dute eskuragarri, eta informazio zein argibide guztiak www.marcotopo.com webgunean aurki ditzakete.
Zer da Marco Topo?
Marco Topo ginkana autogidatu bat da, paperezko mapa bat eta mugikorrerako web-aplikazio bat uztartzen dituena. Parte hartu nahi duten familiek edo taldeek paperezko mapa bat eta eranskailu multzo bat jasoko dituzte Mirandaolako Turismo Bulegoan, edo mapa mugikorrera deskargatu dezakete www.marcotopo.com webgunetik.
Legazpiko Marco Topok herriko hamabi puntu interesgarri jasotzen ditu, ondare txokoak, gune naturalak eta kulturalak batuta. Puntu bakoitzean galderak edo erronkak planteatzen ditu. Horiek erantzunez edo gaindituz lortzen diren puntuekin edo eranskailuekin mapa osatu beharko da.














