Merkataritza txikiaren etorkizuna bermatzeko, Eskualdatze Zerbitzua
Goierriko merkataritza mahaiak, Bidarik, eskualdeko negozioen erreleboa prestatzen ari direnak eta ekintzaile berriak elkartuko ditu.
Goiekin aurkeztu dute Bidariren Eskualdatze Zerbitzua.Loinaz Agirre. Bidari Goierriko merkataritza mahaia osatzen duten Goiekiko ordezkariak, eskualdeko merkataritza teknikaria, Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko eta Idiazabalgo alkateak, eta Bareak eta Ordizian merkatari elkarteetako kideak Goiekin elkartu dira gaur goizean, martxan jarri duten Eskualdatze Zerbitzu berria aurkezteko.
Helburua ondorengoa da Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Goiekiko lehendakariak azpimarratu duenez: eskualdeko merkataritza txikiaren jarraikortasuna bermatzea.
Bidariren egitasmoak, batetik, “erreleboa behar duten negozioei prozesua planifikatzen eta prestatzen” lagunduko die; eta bestetik, “negozio baten ardura hartu edo jarduera berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileek dagoeneko martxan dauden establezimenduekin konektatzeko” aukera eskainiko zaie.
2030era bitartean %46,7ak jubilazioa
Asier Balda eskualdeko merkatari teknikariak emandako datu bat du Eskualdatze Zerbitzuak oinarri: 2030era bitartean, eskualdean orain martxan dauden negozioetako jabeek %46,7ak jubilazioa hartuko dute. “Datu horrek eragin zuzena izango du merkataritzan. Kezka horretatik abiatuta jarriko dugu martxan programa hau”. Izan ere, “komertzioak ixten joango dira eta ondorioz herriek duten xarma galduko da, herriak itzaltzen joango dira, kaleetan pertsianak itxita egonda bizitza kentzen diolako herriari”.
Eta beste ondorio bat ere izango du. “Bertako herritarrek ezingo dute herrian erosi egunean, eta herrietatik beste toki batzuetara joango dira erosketak egitera”, dio Baldak.
Leire Artola Beasaingo alkatearen esanetan, “diagnostikoak argi uzten du zerbait egin behar dugula eta horregatik jarriko dugu abian Eskualdatze Zerbitzua, udal eta eragileen parte hartze eta kolaborazioarekin. Helburua argia da: “Negozioen jarraikortasuna bermatzea eta erraztea, negozio txikien itxierak saihestuz eta tokiko ekonomia bermatuz”.
Artolak argi du: “Hau ezin dugu udal bakoitzak gure aldetik bakarrik egin. Eskualdeko erronka bat da argi eta garbi, eta zentzu horretan elkarrekin egingo dugu bakarrik baino taldean indar gehiago daukagulako”.
Bi profilak elkartu
Maitane Alvarez Ordiziako zinegotziak azaldu du Eskualdatze Zerbitzuaren funtzionamendua. “Bi profilekin lan egingo da. Batetik, itxiera aurreikusten duten negozioekin eta bestetik, ekintzailetzan hasi dutenekin. Programa honen bitartez saiatu nahi duguna da, bi profil horiek elkartzen. Identifikatzen. Eta jarraikortasun hori mantentzen”.
Alvarezen ustez, “uste dugu bi profil horiek elkartzen baditugu jarraikortasuna errazagoa izango dela. Hau da, komertzioa dagoeneko badago, martxan dago, eta pertsona ekintzaile hori gerturatzen badugu komertzioa itxiko duenarengana, bere bilakaera nolakoa izan den erakutsiko dio. Bestetik, bezeroak mantentzeko aukera gehiago izango da, orain arte bezala lan egiten jarraitzen bada. Beraz, helburua da batak besteari transmitzea, eta aukera gehiago izatea komertzio hori irekita mantenduko dela”.
3-5 urteko epealdia
Arreta pertsonalizatua eskainiko zaiela aurreratu du Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak. “Kasu bakoitzaren errealitatea aztertuko da, negozioaren eta pertsonen beharretara egokitutako laguntza eskainiz”.
Egitasmo honen beste ezaugarri bat, “aurretiazko detekzioa” da. “Eskualdatze bat ondo egiteko 3 edo 5 urteko epean landu beharreko prozesu bat da. Ahalik eta modurik oso eta integralenean nahi baldin bada”.
Prozesu osoan zehar “konfidentzialtasuna eta diskrezioa bermatuko” dela azpimarratu du. “Bai negozioen jabeei lasaitasuna eta konfiantza eskaintzeko, baita ere eskualdatze prozesuak eskatzen duen zuhurtzia eta erreserba gordetzeko ere”.
www.goierri.eus/eskualdeko-proiektuak/bidari webgunean dago informazio guztia.
Herri ertainak eta txikiak
Herri txiki eta ertainen izenean hitz egin du Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak. “Azpimarratu nahi nuke, ze garrantzia daukan gure tamainako herri batentzat horrelako zerbitzu batek. Azkenean, gure herrietan ez dute funtzio komertziala bakarrik betetzen negozioek. Funtzio soziala ere betetzen dute. Badago perfil zehatz bateko jende bat, herritik ezin duena atera erosketak egitera. Eta harremangune bat ere bada. Horrelako zerbitzu bat ez badugu martxan jartzen eta denon artean ez badugu zerbait egiten, gure herri ertain eta txikiak hiltzera doaz”.
Elkarlanaren garrantzia
Amaitzeko, Ezenarrok argi du “elkarlanak fruituak” ematen dituela. “Goiekitik ekintzailetzan urte askotan egindako lanaren jarduna badago, esperientzia bat badago, eta herri bakoitzeko merkataritzatik egindako diagnostiko horretatik uztartu dira ekintzailetzan hasi nahi duten pertsona berriak zerotik hasi beharrean, dagoeneko martxan dauden negozioak hartzeko aukera. Bi aukera horiek uztartzeak frutu asko eman ditzakeela uste dugu. Azken batean, herri guztien etorkizuna jokoan daukagu. Gure kaleak itzaltzen bazaizkigu, badakigu horrek zer dakarren”.













