Soroiz eta Garmendiari gorazarre, Euskal Zinemaren Gala Handian
Zinemira Saria jaso zuen legorretarrak, eta Distira Saria, berriz, zaldibiarrak. Bateko zein besteko, euskal zinemari eta ibilbidean bidelagun izandakoei eskaini zizkieten sariak.
Protagonista asko izan zituen atzoko Euskal Zinemaren Gala Handiak, tartean bi goierritar: Jose Ramon Soroiz (Zinemira Saria) eta Aitziber Garmendia (EAB Distira Saria). Euskal Zinemari ez ezik, ibilbide osoan zehar alboan izan dituztenei eskaini zizkieten hitzak.
Soroizek zuzendariei
Txalo zaparrada artean, Soroizen txanda izan zen aurrena. Eskerrak emateko eta egindako ibilbidea gogoratzeko modu gisa, hura protagonista izan deneko hiru film aukeratu zituen legorretarrak: Juan Miguel Gutierrezek zuzendutako Balantzatxoa (1977), Eneko Olasagasti eta Karlos Zabalaren Maité (1994) eta Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomas (2025).
Zuzendari bakoitzari hitz politak eskaintzeaz gain, sariaren zati bat beraiena ere badela gogoratu zuen, baina Maspalomas jo zuen bere ibilbidearen gailurtzat: «Nire bizitza osoan egindako guztiaren laburpena da; saria izan da niretzat».
Zineari aipamen berezia eginda amaitu zuen hitzartzea: «Bitxia da, zeren nik beti esan dut askoz lasaiago egiten dudala bai telebista edo antzerkia. Nik zinearekin ez daukatela horrelako feeling-a. Ez diotela punturik hartu zineari, alegia. Eskerrak ez dioten hartu! Ba hori. Besterik ez».
Garmendiak Zaldibiari
Beste sari batzuk banatu ondotik, Aitziber Garmendiren txanda izan zen. Zaldibiarrak, hala, euskal zinemarekiko sentitzen duen harrotasunari, geroz eta indar handiagoz hedatzen ari den faxismoari eta ametsak betetzen ikusi dion jaioterriari eskaini zizkion hitzak. Horrela zioen haren hitzartzeak:
«Hau gara gu, hau da gure herria, gure hizkuntza, gure talentua eta gure zinema. Euskal film bat estreinatzen den bakoitzean nirea bezala sentitzen dut poz eta harrotasun hori. Herri, hizkuntza, komunitate eta identitate batekiko pertenentzia sentsazio oso sakon batek eramaten nau horretara.
Eta faxismoak hainbesteko indarra hartu duen garai hauetan, inoiz baino ozenago esan nahi nuke. Beraien gorroto guztiaren gainetik: nire emazteari, maite zaitut.
Orain zuen baimenarekin, hau jaioterrira daramat, gu izaten hasi nintzen leku horretara; amesten, ametsengatik borroka egiten, eta zorionez, ametsak betetzen ikusi nauen jaioterrira. Zaldibia, hau gurea da!».














