Ikasgelan ikasturtea hastera doa
Astelehenean irekiko du udalak ikasleei zuzendutako zerbitzua, eta egunero egongo da zabalik, uztailaren 9ra arte. Txartela bihartik aurrera eskatu ahal izango dute.
Legazpiko Ikasgelak hurrengo astelehenean, hilak 28, hasiko du ikasturtea. Itxaropen 11n kokatuta dagoen zerbitzuak 20 ikaspostu ditu, eta uztailaren 9ra arte egongo da martxan, herriko ikasleei ikasteko toki egoki bat eskainiz.
Ikasgela Legazpin erroldatuta dauden eta heziketa ziklo arautuak edo unibertsitate ikasketak egiten ari diren 18 urtetik gorako pertsonek erabili ahal izango dute, baita oposizioak prestatzen ari direnek ere. Hurrengo astelehenetik aurrera, astegunetan 08:00etatik 21:00etara egongo da irekita, eta asteburuetan eta jaiegunetan 09:30etik 20:30era.
Txartela beharko dute ikasleek Ikasgela erabiltzeko, eta gutxienez bi hilean behin erabili beharko dute. Txartelak bihartik aurrera eskatu daitezke udalaren webguneko Egoitza Elektronikoan edo udaletxean. Gero, Kultur Etxean jaso beharko dira, astelehenetik aurrera.
2025-2026 ikasturteko datuak
Aurreko ikasturtean udalak 47 txartel banatu zituen, gehienak emakumezkoei (%85). Gehienak graduko ikasketak egiten ari ziren (%75), eta beste batzuk oposizioak (%15) prestatzen edo masterrak (%10) egiten ari ziren.
Hamar ikasletik lau EHUn matrikulatuta zeuden (%40), eta gainerakoak beste euskal unibertsitateren batean (%21) edo Estatuko unibertsitateetan (%17). On line ikasten ari zirenak ere baziren (%11), eta inon matrikulatu gabe oposizioak haien kabuz prestatzen ari zirenak ere bai (%11).












